Albisteak

 

Abanto Zierbenak musikaren aldeko apustua egiten du. Hirugarren urtez segidan, Udalak hitzarmen bat sinatu du Abantoko Musika Eskolarekin lankidetzan aritzeko. Hitzarmen horri esker, herritar guztiei zuzendutako musika-egitasmo garrantzitsuak abiarazi ahal izango dira udalerrian. Musika Eskolan bertako musika-tresnak jotzen irakasten dute: alboka, panderoa, txalaparta, trikitixa eta, nola ez, txistua. Dena den, beste musika-tresna mota batzuk maite dituztenek ere badute lekua; izan ere, piano, gitarra, baxu elektriko, saxofoi eta tronpeta klaseak ere ematen dituzte.

Arautu gabeko musika-hezkuntzari dagokionez, eskaintza zabala eta anitza dago, maila eta modalitate ezberdinetan, lehenengo akordeekin hasi eta goreneko mailara arte.

“32.252 euroko diru-laguntza honekin, udalerrian musikaren kultura bultzatu nahi dugu. Gainera, laguntza horrekin, ikasleek musika-emanaldiak eskain ditzakete udalerriko ekimenetan, esate baterako, inauterietan edo herriko jaietan”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.
Gaur egun, 200 ikasletik gora daude Musika Eskolan, eta bertan, prestakuntza jasotzen dute, hainbat eta hainbat musika-tresna jotzeko gai izan daitezen.

Irakaskuntza ez-arautuaren mailak honako hauek dira: hasierakoa, lehen kontakturako, 4 eta 6 urte bitarteko txikientzat; hastapenekoa, 7 urtekoentzat; eta finkatzekoa. Helduentzat ere badago eskaintza: musika-hizkuntza, musika-tresnak eta talde instrumentalak, baita kantua eta abesbatza ere. Dagoeneko 24 urte pasatu dira eskolak bere ibilbidea hasi zuenetik, baina 2006az geroztik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren homologazioa dauka, Musika Hizkuntzaren eta Musika Tresnen Oinarrizko Graduko ikasketetarako.

Abantoko Musika Eskolako ikasleen % 70ek 18 urte baino gutxiago dituzte. 15 irakasle daude saxoa, pianoa, gitarra elektrikoa, biolina, txistua, alboka, trikitixa, txalaparta eta kantua irakasteko.
“Musikaz gozatu eta musika-tresna bat jotzen ikasi nahi duten guztiek horretarako aukera dute, beraien ingurunetik atera gabe, eta hori oso garrantzitsua da, kulturak eskura egon behar baitu. Gure konpromisoa da Abanto Zierbenan orain arte bezalako musika entzutea, ondo egina eta une nahiz erabaki garrantzitsuetan desafinatu gabe, betiere herritarren ongizatea xede hartuta”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.