Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak, udaro bezela, gazteengan eta haien familiengan pentsatzen du, eta aisiarako eta entretenimendurako hainbat jaduera eskaintzen ditu udako denbora librerako. Horretarako, eta badira hamahiru urte, hiri-udalekuak antolatzen ditu; aurten, 297 haur eta gazterentzako tokia egongo da.

Udalekuak lau adin-taldetan antolatzen dira: txikiak (4-5 urte), ertainak (6-8 urte), nagusiak (9-11 urte) eta gazteak (12-15 urte). Hiri-udalekuak Las Carrerasko Askartza Isusi ikastetxean eta Gallartako Gaztegunean antolatzen dira. Halaber, hainbat irteera antolatzen dira adinaren arabera. Goizeko bederatzi eta erdietatik arratsaldeko lau eta erdietara, astelehenetik ostiralera, uztail osoan, gazteek esperientzia horretaz gozatu ahalko dute. Gazteen ordutegia 10:00etatik 16:00etara izango da.

Ekainaren 26tik uztailaren 30era arte, txikien taldeak ezagutza-jolasak, eskulanen tailerrak eta jolas-dinamikak egingo ditu. Jarduera garrantzitsuenetakoa Gueñesko Abentura Parkera joatea izango da. Era berean, puzgarriak, tailerrak, diskofesta eta Santutxuko Tximiparkera irteera ere antolatu dituzte. 1.500 metro koadro baino gehiagoko haurren aisialdirako eremu bat da; instalazio horietan oihan bat sortu dute, txirristekin eta pilota-igerileku batekin.

Uztailaren 3tik 7ra eta uztailaren 10etik 14ra ertainen txanda izango da; txikien jarduera berberez gozatu ahalko dute, baina Trapagarango Burdinhouse zaldi-zentrora joateko aukera izango dute. Hala, zaldien gainean ibilaldi bat egin ahalko dute. Orain arte, 96 gaztek eman dute izena, eta Bilboko Itsas Museora edo Eureka Zientzia Museora joan ahalko dira; bertan, informazioa modu erakargarrian ematen zaie, komunikazio mota berri baten bitartez, hau da, objektuak manipulatuz eta esperimentuak eginez. Eureka Zientzia Museoak ingurune erakargarri bat eskaini nahi du, zientzia eta teknikaren munduarekin zerikusia duten jardueretan parte hartzeko. Zientzia-dibulgazio zentro bat dela esan liteke, adin guztietako pertsonei begirakoa.

“Haur eta gazteentzako programa oso eta dibertigarri bat da; askok urtetik urtera ematen dute izena; izan ere, dibertsioa eta kalitatezko aisia bermatuta daude. Era berean, hezkuntza-dimentsioa ere badu”, azaldu du, harro, Maite Etxebarria Abanto Zierbenako alkateak.

Uztailaren 17tik 21era eta uztailaren 24tik 28ra nagusien taldearen txanda izango da, eta haiek ere abentura ugariko, zirrarazko eta adrenalinazko tokietara joateko aukera izango dute. Nagusiek Pozalaguako koba izugarriak ezagutuko dituzte, estalaktita arraroekin, toki paregabea inondik ere.
Uztailaren 3tik uztailaren 14ra, azkenik, gazteei iritsiko zaie ederki pasatzeko txanda. Ikus-entzunezko kanpalekuan esperientzia bikaina izango dute, eta Laredon mota guztietako ur-kirolak egingo dituzte: Paddle Surf, Windsurf, Kayak, Snorkel eta slackline, besteak beste. Jada 44 gaztek eman dute izena.

“Abanto Zierbenako Udalak apustu oso zabala egin du gazteen entretenimenduaren alde, eta, urtero bezala, hiri-udaleku hauen arrakasta bermatuta dago. Jada 297 adingabek eman dute izena, ederki pasatzeko gogoz; ez da haurrik kanpoan geratu. Gobernu-taldeak familiekin duen konpromisoa izan da”. Ekainaren 5era arte dago irekita tasak ordaindu eta plaza baieztatzeko epea. Txanda bakoitzak begiraleen talde bat izango du, jarduera bakoitzeko begiraleez gain. Udako programaren kostu osoa 42.000 eurokoa izango da; txandaren arabera, eta astebeterako edo bi asterako joaten diren, Udalak kostuaren % 50 eta % 65 artean ordainduko du. Familiek astero 27,50 euro ordainduko dute; prezio horretan sartzen dira garraioa, jarduerak eta begiraleak. Gazteek udan kalitatezko aisiaz gozatzea nahi dugu”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.