Albisteak

 

Las Carrerasek jaiak ospatuko ditu maiatzaren 26tik ekainaren 4ra. Iritsi da dantza egiteko, barre egiteko eta, batez ere, Trinitateko jaiez gozatzeko garaia. Abanto Zierbenako herritarrek gustu eta adin guztietarako egokia den jaietako programa dute zain.

Txupinazoak emango die hasiera jairik oneneko hamar eguni; maiatzaren 26an izango da, ostiralean, arratsaldeko zazpi eta erdietan. Pregoia EMELKA Las Carrerasko emakumeen elkarteak emango du eta Alex & Urtza DJak girotuko du. Ondoren, txokolate-jana egingo da, ahobizarra kentzeko. Baina erne, aurten, txupinazoaren aurretik, apar-jaia egingo da pilotalekuko zelaietan. Eta ondoren, arratsaldeko seietan, San Pedro Apostoluaren elizan, Las Carrerasko San Pedro Hogeitalau abesbatzak eta Sanfuentesko Emakumeen Kultur Elkartearen Abesbatzak kontzertu bat emango dute.

Gaueko hamaiketan, Haritzalde plazan, nahi duenak Enkore taldearen kontzertuan dantzatzeko aukera izango du, eta, gehiago nahi izatekotan, ondoren dantzaldiarekin jarraitu ahal izango da Garilak 26 taldearekin.

“Las Carrerasek hasiera ematen die udalerriko jaiei. Lehenengoak dira eta herritar guztiek hartzen dituzte gogo handiz. Jendea animatu nahi dugu jarduera guztiez, dantzaldi guztiez gozatzera. Ziur gaude urtero bezala girorik onena izango dugula”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Maiatzaren 27an, larunbatean, arku-tiroko txapelketa egingo da: Fernando López Lasuenen VIII. Memoriala, “Abantoko Garaikurra”, Abantoko Gezaleriak elkarteak antolatuta, goizeko hamarretatik arratsaldeko ordu bietara. Ordu berean, El Minero etxe multzoko plazan, IROR enpresak karpa bat jarriko du, eta bertan, txakurren jabeek txipa jarri ahal izango diote euren lagun onenari (25 euroan lehenengoa bada, eta 15 euroan bigarrenetik aurrera). Goizeko hamaiketatik arratsaldeko ordu bietara eta arratsaldeko lauretatik seietara, haurrentzako parkea egongo da etxeko txikientzako; puzgarriak egongo dira Haritzalde plazan, jaien gune nagusian. Goizean, halaber, kalejirak girotuko ditu kaleak, Abanto Musika Eskolaren eskutik.

Eta poteoaren orduan, Las Carrerasetik Mexikora joango gara; izan ere, ordu bata eta erdietan, Haritzalde plazan, Mariachis Azteka taldeak joko du. Ordu bi eta erdietan, luncha egingo dute Las Carrerasko Erretiratuen, Alargunen eta Pentsiodunen Elkartearen Etxean. Baina, zalantzarik gabe, dantza izango da egunaren gai nagusia; izan ere, arratsaldeko sei eta erdietan, La Trinidadeko plazan, zumbako masterclass bat antolatu du LASKABAILA elkarteak.

Askartza Isusi ikastetxe publikoko gimnasioan, arratsaldeko zortzietan, EMELKA elkarteko Artean taldeak Jean Pierre Martínezen Crisis y Castigo obra antzeztuko du.
Eta eguna amaitzeko, gaueko hamabietan, Nueva Alaska Show orkestrarekin dantzan jarraitu ahal izango dugu.

Igandean, erritmoari eusteko, haurrentzako mota guztietako jarduerak egongo dira, ondo baino hobeto pasa dezaten; puzgarriak, burbuila erraldoien tailerra eta kart-zirkuitua egongo dira, besteak beste. Dibertsioa bermatuta dago. Gainera, Abantoko Musika Eskolak kaleak girotuko ditu kalejira ederrarekin.

Hamaika eta erdietan, XIII. Tiragoma Lehiaketa egingo da, Enkarterriko Tiragoma Elkartearen eskutik. Eta eguerdiko hamabi eta erdietan, giroa gozoago bilakatuko da; izan ere, Laskabaila elkarteak VI. Gozogintza Lehiaketa ekarriko digu.

Ordubete geroago, Las Carreras flamenkoz jantziko da eta EMELKA elkarteko A Nuestro Aire taldeak sevillanen erakustaldia eskainiko digu. Eta dantzarekin jarraituko dugu; izan ere, arratsaldeko sei eta erdietan, Haritzalde plazan, dantza-emanaldia egingo da, Enarak Dantza Taldearen eskutik. Ordu erdi geroago, indarberritzeko, txitxi-burruntzien dastatzea antolatu dute Abanto Club taldekoek. Zazpi eta erdietan, asteburuari amaiera borobila emateko, Hiruson taldearen emanaldia eskainiko da.

Hurrengo asteburuari dagokionez, ekainaren 2an, ostiralean, txikientzako herri-kirol parte-hartzaileekin hasiko gara. Ordubete geroago, txorizo-jana antolatu dute Las Karreras Fútbol 7 Old Style taldekoek.
Eta Las Carrerasen erritmo bizia dagoenez, arratsaldeko zortzietatik gaueko hamarrak arte, txosnetako agertokian, Habana 537 kubatar orkestraren emanaldian dantzatzeko aukera izango da; LASKABAILAk girotuko du. Gaueko hamaiketan, Lágrimas de Sangre Kataluniako taldearen kontzertua eskainiko da. Eta ondoren, Bad Sound System taldeak jarraituko du gaua girotzen.

Ekainaren 3an, larunbatean, nahi dutenek Montaño mendira igotzeko aukera izango dute, Gure Mendi Zaharrak elkartearekin. Hamaika eta erdietan, kalejira egingo da, Muskizko Jarraitzen Dugu Txistu Taldearen eskutik.
Ondoren, hamaiketatik arratsaldeko ordu biak arte eta lauretatik seiak arte, txikientzako jarduerak egingo dira Haritzalde plazan (piratak, txirristak eta uretako puzgarriak; ez ahaztu bainujantzia). Jarduera freskagarria, zalantzarik gabe.

“Arratsaldeko hiruretan herri-bazkaria egingo da; txartelak Las Carrerasko tabernetan salduko dira, 10 euroan”, azaldu du Etxebarriak.
Eta aurten ere, aho zabalik geratuko gara Enarak Dantza Taldeak zuzendutako jaitsierarekin (María Auxiliadora auzotik Haritzalde plazaraino). Arratsaldeko sei eta erdietan izango da.

Gero, jaiak aurrera jarraituko du txosnetako eremuan, LASKAROCKaren zortzigarren edizioarekin; bertan, tokiko taldeek euren talentua erakusteko aukera izango dute. Larunbateko gaua Haritzalde plazan amaituko da, Nuevo Talismán orkestraren dantzaldiarekin.

Eta oraindik ere indarra badago, 2017ko Trinitateko jaien azken egunean, hainbat jarduera egongo dira: tokiko produktuen azoka; txikientzako lehiaketa gastronomikoa; umeen, gazteen eta nagusien dantza-erakustaldia estudio 87 taldearen eskutik; harri-zulatzaileen erakustaldia eta beste dantza-erakustaldi bat. Eta dantzan jarraitzeko gogoa dutenentzat, arratsaldeko zazpi eta erdietan, Haritzalde plazan, azken dantzaldia egingo da Néctar taldearekin. Ondoren, bederatzi eta erdietan azken traka egingo da eta Las Carrerasek agur egingo die Trinitateko aurtengo jaiei.

Badatoz Las Carrerasko jaiak… Gora Trinitateko jaiak!

“Emakumeok aske izan nahi dugu, ez ausart”

Abanto Zierbenako Udalak, eskualdeko beste udal batzuekin batera, kanpaina hau abiarazi du: “Emakumeok aske izan nahi dugu, ez ausart”. Kanpainaren xede nagusia da jarrera sexistaren aurrean zero tolerantziaren jarrera erakustea jaietan.

Horretarako, kaleko bitartekari-bikote bat gure auzoetako jaietan egongo da, gazteei indarkeria matxistari aurre egiteko informazioa, jarraibideak eta baliabideak emateko eta jarrera sexistak prebenitzeko. Ekimena babesteko kit batzuk banatuko dira, honako elementu hauekin: larrialdietako telefonoen txartel bat, txapak, txilibituak eta kanpainaren slogana duen lanyard bat; azken horretan txosnetan bigarren urtez banatuko den edalontzi berrerabilgarria eskegi daiteke.
Gainera, jaietako agertokietan pankartak jarriko dira lema berarekin.

“Gazteek jai baketsuak izan ditzaten nahi dugu, inolako presiorik gabe eta inolako errespetu-faltarik gabe. Alkohola edo jaia ezin dira aitzakia bihurtu emakume bat iraintzeko edo hari eraso egiteko. Emakumeok jaietako gau eta egunez gozatu nahi dugu, askatasunean, eta ez dugu ausart izateko beharrik izan nahi. Zero tolerantzia eta errespeturik handiena gure jaietan”, adierazi du Etxebarriak.