Albisteak

 

Gallartako igerilekuen argiztapena aldatu egingo da, eta eraginkorragoa izango da hemendik aurrera. Gaur egungo foku halogenoak kendu eta LED argiak jarriko dira urtegian, elektrizitatearen kontsumoa murrizteko asmoz. 18 lanparak kentzeko eta LED foku berriak jartzeko lanak aurten egingo dira.

"18 foku halogeno daude gaur egun, 400 W-koa bakoitza. Horiek LED fokuekin ordezkatuko dira, eta 138 W-ko 12 foku eta 295 W-ko 6 foku jarriko dira. Fokuak orain bezalaxe kokatuta egongo dira; udal-kutxetako elektrizitatearen faktura, ordea, aldatu egingo da. Aldaketa horri esker, instalatutako potentzia 7.830 W-tik 3.426 W-ra murriztuko da; hortaz, urtea amaitutakoan, 2.000 euro baino gehiago aurreztuko dira argiaren fakturan", azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Argiak aldatzeko 21.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egingo da, baina Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak 11.739,42 euroko diru-laguntza eman du jarduketa horretarako; zenbatekoaren erdia baino gehiago, alegia.

"Argiak aldatzeko jarduketa horri esker, Abanto Zierbenak klima-aldaketari egiten dion ekarpena murriztu nahi dugu, isuriak murriztearen eta energia aurreztearen bitartez. Bestalde, gainera, Udalari aurrezteko aukera emango dio eta hori eskertzekoa da beti, diru hori beste proiektu batzuetara bideratu ahal izango delako. Argiztapen publikoa eta udal-eraikinetako argiztapena berritzeko lanean jarraituko dugu, lanpara tradizionalak kendu eta LED argiak jarriz, Abanto Zierbena udalerri berdeagoa eta eraginkorragoa izan dadin. Ikastetxeetan, helduentzako lokaletan, plazetan eta auzoetan egin ditugu aldaketak jada, eta, gaur egun, Abanto Zierbena osoko argiztapenari buruzko plan integral bat egiten ari gara. Horri esker, ikuspegi orokor bat izango dugu energia-eraginkortasunaren arloan etorkizuneko inbertsioak planifikatzeko. Udalerriko auzo eta bizilagun guztiengana iritsiko gara", esan du, amaitzeko, Etxebarriak.