Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak, Trapagaran, Zierbena, Muskiz eta Ortuellako udalekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gaztedi Planari eutsi dio; horretarako, laster ekintza-plan berri bat sinatuko du, Aldundiak sustaturiko gazteentzako plan hurbil, aktibo eta parte-hartzaile horren barruan.

Gaztedi Meatzalde ekimenak gazteen laneratzea eta enplegua ahalbidetzeko ekintzak sustatzen ditu. Hitzarmen garrantzitsu hori duela lau urtetik dago indarrean eskualdean. Oraingoan, Meatzaldeko udalek "Gaztedi Bizkaia 2020" planarekin hartuko dute konpromisoa, "Gaztedi Metzalde" proiektua abian jarriz. Proiektu hori aurten hasi eta 2019ra arte luzatuko da.

Gaztedi Meatzalde programaren barnean, udalerrietako gazteenen prestakuntza xede duten ikastaroak eta tailerrak egin ziren iaz.

“Bizkaiko Foru Aldundiak tresnak eskaintzen dizkigu aurrera egiteko eta gure gazteriari proposamenak egin eta enplegurako ateak irekitzeko. Hitzarmen honek gazteen enplegua eta laneratzea sustatzen du eta prestakuntza-aukerak areagotzen ditu; gaur egungo egoera ikusita, inoiz baino beharrezkoagoa da hori”, esan du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Bizkaiko Foru Aldundiak “Udal Gaztedi” sortu zuen, Bizkaiko Lurralde Historikoko gazteriaren politika orokorrak koordinatzeko organo gisa, hala gazteentzako ekintzak sustatzeko irizpideak proposatzeko nola Bizkaiko udalen iritzi eta iradokizunak jaso eta kontrastatzeko.

“Abanto Zierbena Udal Gaztediren parte da 2012az geroztik, eta ekimen horren egitekoa da adostasun-prozesuak nahiz eztabaida bultzatzea eta gazteentzako politikak dinamizatzeko tresna izatea. Horretarako, ahaleginak bildu eta horiek ahalik eta hoberena baliatzeko neurriak sustatzeaz gain, gazteentzako politika integralera bideratutako baliabideak optimizatuko dira”, azaldu du Etxebarriak.

Proiektu hau, Gaztedi Meatzalde, zeharkako jarduera bihurtu da urteotan, eta “eskualdeko proiektuak” diseinatzearen eta abian jartzearen bidez koordinatu da, Meatzaldean gazteen politika integralak sustatzeko asmoz. Sortu zenetik, adostasun-prozesuak bultzatzeko helburua izan du, baita eztabaida sustatzekoa eta gazteentzako politikak dinamizatzeko tresna gisa balio izatekoa ere. Hasi zenetik orain arte, eskualdeko 200 gaztek baino gehiagok parte hartu dute hitzarmen honen bitartez abian jarritako ekintzetan.

“Gazteen artean langabezia eta lan-merkatuko prekarietatea dagoenez, gure gazteen laneratzea da gazteen politiken lan-ardatz nagusietako bat. Uste dugu garrantzitsua dela gazteen enplegua bultzatzea eta kolektibo horren aldeko apustua egitea”, adierazi du Etxebarriak.

2017-2020 Gaztedi Planaren helburua da maila eta erakunde guztietan lan egitea, Bizkaiko gazteen artean aukera-berdintasuna bermatzeko, oro har, gazteek bizi-proiektu autonomoa eta kalitatezkoa eduki ahal izan dezaten. Eta hori modu hurbilean egin nahi dugu.

“Atxikitako udalerrietako enpresetan praktika profesionalak egiteko beka ordainduen multzo bat da. Programak 19 beka eskaintzen ditu, eta horietako 5 dagozkio Abanto Zierbenari. 6 hilabeterako beka ordainduak dira. Informazioaren teknologiak erabiltzeko ziurtagiriak (IT Txartelak) lortzeko ikastaroak ere egingo dira”.

Bestalde, Tekno Gazte 4.0 programa ere jarri da abian; izan ere, teknologia-oinarria duten gero eta lanpostu gehiago sortzen ari dira", adierazi du Etxebarriak. Gaztedi Planari esker, nahi duten gazteek enpresak eta prestakuntza-zentroak bisitatu ahal izango dituzte, horien funtzionamendua ezagutzeko. Gainera, lan-arloko orientazioa jasoko dute eta industria-azoketara joan ahal izango dira.

Erakunde arteko hitzarmen garrantzitsu honetarako 279.000 euroko inbertsioa egingo da datozen hiru urteetan. Ekitaldi horietako bakoitzerako (2017, 2018 eta 2019) Abanto Zierbenako Udalari dagokion proiekturako ekarpena urteko 12.491,38 eurokoa da; hortaz, guztira 37.474,14 euro jarriko ditu hitzarmenak indarrean dirauen bitartean.

“Gazteei bideratutako inbertsioa egingo dugu, lan-merkatuan ahalik eta ondoena sar daitezen; eta horretarako bidea prestakuntza da. Konpromisoak sendo dirau urtetik urtera”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.