Albisteak

 

“Abanto Zierbenan jartzen dugun bigarren LED pantaila da; lehenengoa iaz jarri genuen, udaletxearen ondoan. Hitzemandakoa betetze aldera, ekimena udalerriko gainerako lekuetara zabaltzen ari gara; elkarren artean konektatuta egongo diren pantailen sistema bat sortu nahi dugu, udal-informazioa ahalik eta herritar gehienengana irits dadin. Laster hirugarren pantaila jartzeko asmoa dugu, Las Carrerasen”, jakinarazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Aste hauetan bi pantailak sarean konektatzeko aukera emango duten Interneteko konexioak eta WIFI sistema instalatzen ari dira. Berehala jarriko da abian.

Bi aldeko full color pantaila bat da, eta, bertan, udalerrian antolatzen diren jardueren berri emango zaie herritarrei. Pantailaren diseinuari eta kokalekuari esker, bertan jartzen den edukia urrunetik eta angelu desberdinetatik ikusi ahal izango da, eta irudia argia eta kalitate handikoa izango da.

Pantailak funtzio ugari izango ditu; izan ere, bertan testuak, irudiak eta bideoak jar daitezke, hainbat formatu editagarritan. Horri esker, programazioa eta edukiak online aldatzeko aukera egongo da.

“Oso garrantzitsua da gure herritarrek zuzenean jakitea beren herrian zer gertatzen den eta Udalak zer ekintza gauzatzen dituen. Edukia ia egunero eguneratuko da eta kanal ezin hobea izango da herritarrei premiazko informazioa emateko, hala nola bero-bolada bati edo ur-etenaldi bati buruzkoa”, adierazi du Etxebarriak.

Pantailetan udalerriko gaien berri ematen duten informazio grafikoak agertuko dira, baita Udalaren webgunearen helbidea edo harremanetarako telefonoa ere, nahi duenak zerbaiti buruz abisatzeko edo informazio gehiago eskuratzeko.

Pantailek oinezkoen arreta erakartzen dute eta herritarrei informazioa helarazteko erabiliko dira, lehendik abian dauden beste informazio-sistema batzuen osagarri: Whatsappa, webgunea, SMSak, posta elektronikoa, etab.

 Udalaren WIFI sarea

Lan hauei esker, gainera, UDALAREN WIFI SAREA jarriko da abian. Lehenengo sarbide-puntua Pilar Abin plazan egongo da, pantaila interaktiboaren ondoan.

“Herritarrek Udalak jarritako WIFI gune bat erabili ahal izango dute, hasi Eskola Zaharretatik eta pilotalekuko harmailetaraino, eserlekuen eremua barne. Datozen hilabeteetan, Abanto Zierbenako WIFI gunea beste puntu batzuetara zabalduko da; hala, Interneta egongo da udalerriko beste eremu ireki batzuetan ere”, iragarri du Etxebarriak.

Udalaren WIFIra dohainik konektatzeko, herritarrek atari gatibu batera sartu beharko dute, eta bertan erregistratu. WIFI publiko eta doako honen irismen-erradioan sartzen dira Eskola Zaharrak, eserlekuen eremua eta pilotalekuko harmailak.

Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak ezarritako mugak betetzeko, Abanto Zierbenako Udalak gehieneko deskarga-abiadura ezarri behar izan du, 256 kbit/s-ko mugarekin.

“Ekimen honen bidez, teknologia berrien alde egiten dugun apustua sendotu nahi dugu, horiek herritarrengana gerturatuz eta eten digitala murriztuz; aldi berean, gizarte-berdintasunaren alde ere egingo dugu, gure udalerria irisgarriagoa eta integratzaileagoa izan dadila ahalbidetuz”, esan du Etxebarriak.

Komunikazio-kanalak modernizatzeko, alegia, udalerriko bigarren pantaila interaktiboa eta Udalaren WIFI sistema jartzeko, 21.000 eurotik gorako inbertsioa egin behar izan da.