Albisteak

 

Abanto Zierbenako, Muskizko eta Ortuellako udalek bat egin dute beren zaindarien jaietako eraso sexistei aurre egiteko. Hain zuzen ere, hiru udalerrietako alkateak jendaurrean agertu dira “Emakumeok aske izan nahi dugu, ez ausart” izeneko kanpainaren berri emateko.

“Gaur egun, aisialdiak eta ligatzeak konnotazio sexista nabarmenak dituzte; gazteek onartu egiten dute egoera hori, eta arriskutsua izan daiteke”, adierazi zuten udal-arduradunek. Ohartarazi zutenez, “askotan ez gara konturatu ere egiten. Jokabide iraingarri batzuek egoera larriak sorraraz ditzakete, segurtasun-gabezia ekar dezaketelako edota bazterkeria eragin dezaketelako, bai biktima diren emakumeentzat bai erasotzaile diren gizonentzat”.

Hori dela eta, argi eta garbi esan zuten “errespetuan eta berdintasunean oinarritutako” jaiak nahi dituztela beren herrietan, “eraso sexistarik gabeak”. Beste era batera esanda, ez dute jarrera sexistarik onartuko. Nabarmendu zuten “emakumeek gozatu eta ondo pasatu” nahi dutela, “beren segurtasuna eta eskubideak urratuak izan gabe”. Hori dela eta, “errespetuan oinarritutako” harremanak defendatu zituzten; “ezetz esaten denean, ezetz da”.

Kanpaina hau gauzatzeko, prebentzioaren eta genero-berdintasunaren arloan esperientzia duten bi hezitzailek esku hartuko dute kalean. Zehazki, “indarkeria matxistari aurre egiteko eta eraso sexistak prebenitzeko informazioa, jarraibideak eta tresnak” emango dizkiete gazteei, “zenbait material, dinamika eta elementu erakargarri banatuz”; hori guztia “irudi gazte bat erreferente gisa” jarrita eta “gertukoa zaien hizkuntza” erabiliz egingo da. “Informazioa zuzen eta erraz helarazi nahi diegu gazteei, neska zein mutilek askatasunez goza dezaten jaietan”, azpimarratu zuten.

Kanpainaren barnean, gainera, pankartak jarriko dira jai-esparruetan, eta mila lanyard (jaietako edalontzi berrerabilgarrientzako lokarriak) banatuko dira txosnetan. Horrez gain, iragarki bat egongo da entzungai jai-esparruan, eraso matxistei aurre egitea xede duen egitasmo honen esloganarekin.