Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalaren ekonomia- eta finantza-egoera oso ona da. 2016 ekitaldiaren itxierak Udalaren kaudimena eta orain arte egindako kudeaketa ona argitara atera ditu. Hala erakusten dute datuek; izan ere, 1.999.523,05 euroko soberakina dago, aurreko urtean baino ia 300.000 euro gehiago.

“Udaleko diru-kutxak eraginkortasunez kudeatu ditugu, guztioi zuzendutako aurrekontu eta proiektuekin; gastuak zaindu ditugu, baina udal-zerbitzuen kalitatea jaitsi gabe. Horregatik itxi ahal izan dugu ekitaldia etorkizunerako jarduketetara bideratu ahal izango dugun ia bi milioi euroko soberakinarekin. Oso pozik gaude”, jakinarazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Udaleko Ogasun sailak baieztatu du aurreikusitako gastuen % 88 eta diru sarreren % 99 exekutatu direla; erakunde-kudeaketaren balorazioan ratio altuak dira horiek, eta aurrekontuaren emaitza 759.466 euro dira.

“Oso argi daukagu zifra bakoitzaren atzean pertsonak daudela, gure herritarrak, hain zuzen; horregatik, sail guztietatik, bai maila teknikoan bai politikoan, ahalegin handia egin dugu aurrekontu onak eta partida hobeak lortzeko. Ahalegin berezia egin dugu Udalaren finantza-engranajea bikaina izan dadin, superabitekoa, eta lortu dugu", azaldu du Etxebarriak.

2017rako diru-kutxa sendoak ditugu; udal-tasa eta -zergak izoztu egin dira eta beharra duten pertsona eta familiei diru-laguntzak mantendu zaizkie.

Baliabideen kudeaketa arduratsuari eta gastuetan izandako zuhurtziari esker, udal-zerbitzuetako kalitateari eutsi diogu. Era berean, beharrezko gizarte prestazioak eman ditugu eta pertsona nagusien, elkarte-sarearen, haurren, gazteen edo mendekotasuna duten pertsonen beharrei erantzun diegu.

“Aurreztutako diru hori egoera ekonomiko txarraren eraginez atzeratu behar izan diren jarduketetara bideratu ahalko dugu, hala nola, udalerriko aire zabaleko guneak edo kirol-instalazioak hobetzera. Zehazki, soberakin honi esker, Gallartako Txikito pilotalekuko aldagelak konpontzeko aukera izango dugu, oso narriatuta baitaude. Bestalde, auzoen berrurbanizazioarekin eta energia-eraginkortasunarekiko konpromisoarekin aurrera jarraituko dugu, gure kaleetako argiteria zaharberrituz. Aparteko diru honekin, parte hartzeko aurrekontuen bidez herritarrek helarazi dizkiguten proposamen guztiei erantzun nahi diegu. Gainera, beste pauso bat emango dugu irisgarritasunaren arloan, II. Irisgarritasun Plana abiaraziz”, adierazi du alkateak.

Kontu sendoak dira eta Abanto Zierbenako Udalaren jardun ona islatzen dute; saldo positibo honekin, Meatzaldeko udal honek udalerriarengatik eta udalerriarentzako ekimen berriak gauzatu ahalko ditu.