Albisteak

 

Larunbat honetan, maiatzaren 6an, Sanfuentesera gerturatzen direnek erromeria tradizional bateko giroaz gozatzeko aukera izango dute. Dena prest dago jai honen bederatzigarren ediziorako. Egun paregabe horri hasiera emateko, goizeko hamaika eta erdietan hamaiketako gozo-gozoa egongo da bertaratzen direnentzat Pilar Albín plazan, euskal dantzek girotuta.

“Unerik hunkigarriena herritarrak, asto eta guzti, garai bateko Santa Luzia ermitako zelaira igotzen direnekoa izaten da, gaur egun ermitarik ez badago ere. Hori hamabietan izango da. 2017ko Sanfuentesko erromeriak zenbait berritasun izango ditu; hamaiketakora jantzi tradizionalak soinean dituztela etortzen direnek opari bat jasoko dute. Horrez gain, aurten, pintxo-lehiaketa egingo da eguerdiko hamabi eta erdietatik ordu bat eta laurdenera, ahobizarra kentzeko. Parte-hartzaileek 5 osagai erabili ahal izango dituzte txapela kentzeko moduko pintxo bat egiteko lekuan bertan; ziur sormena eta dibertsioa nagusi izango direla suen artean”, adierazi du Abanto Zierbenako Maite Etxebarriak.

Sukaldaritzarekin loturiko beste hitzordu bat ere izango da: talo-tailerra. Hatzak miazkatzeko moduko jarduera hori hamabi eta erdietan izango da, atzean irrintziz osaturiko soinu-banda entzungai dugula; izan ere, ordu horretan heldu eta haurrentzako irrintzi-lehiaketa ere egingo da. Hor ikusiko dugu zer-nolako birikak dituzten lehiakideek.

“Arratsaldeko ordu bietan aukeratuko da pintxo onena, aurkeztutako guztien artean. Ondoren, herri-bazkaria egingo da; horretarako, aulkiak eta mahaiak banatuko dira goiz-goizetik”, azaldu du alkateak.

Bazkari on baten ondotik beti dator postre eder bat: arratsaldeko lauretan, tokiko postreak eta kafea eskainiko dira merke-merke, haurrek arku-tiroaz gozatzen duten bitartean.

Jaia ez da hor amaituko, ordea, ezta gutxiago ere, arratsaldean ekintza gehiago izango baitira: lau eta erdietan herri-kirolak; igel-tokaren zaleek ere erakustaldia egiteko aukera izango dute (haurren eta helduen txapelketa egingo da); eta txingak eta sokatirak ere izango dute tartea.
Arratsaldeko seietan sariak banatuko zaizkie lehiaketen irabazleei. Eta egunari amaiera ezin hobea emateko dantza egingo dugu, euskal erromeria batekin. Sei eta erdietatik gaueko hamar eta erdietara bitartean erritmoak ez du etenik izango Sanfuentesen.
“Herritarrei dei egiten diegu jantzi tradizionalekin etor daitezen, ondo pasa dezaten eta erromeria honetaz goza dezaten. Esan behar da erromeria hau ezin izango genukeela antolatu herriko elkarteen laguntzarik gabe”, esan du Etxebarriak.

Zazpi eta erdietan, norbait gosez geratu bada ere, parrilada egingo da, merke-merke.

Sanfuentesko erromeriak hasiera ematen die Abanto Zierbena eta Sanfuentesko jai guztiei, eta egin daitekeen denboraldi-aurrerik onena da.