Albisteak

 

Gaur egun, hainbat kategoriatako 250 jokalari baino gehiagok erabiltzen dute Gallartako San Miguel futbol-zelaia. Abanto Zierbenako Udalak, erabilera horri erantzuna emango dion ekipamendua eskaintzeko asmoz, 240.000 euroko inbertsioa egingo du zelaiko belarra aldatzeko.

“Gaztetxo askok entrenatzen dute egunero zelai horretan, baina ez dago egoera onean; udal-instalazio honetan egiten den kirol-jardueraren maila ahalik eta onena izan dadila nahi dugu eta, horregatik, zelaia berritu egingo dugu”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Belar artifizialeko zelaia da, eta bertako zotala ez da aldatu duela ia 15 urtetik. Urteen poderioz higatu egin da; izan ere, Gallartako Kirol Elkarteak erabilera handia ematen dio, jokalari askok, haurrek nahiz gazteek, entrenamenduak eta partiduak egiten baitituzte bertan, denboraldiak joan eta etorri. Ondorioz, zelaia berritu beharra dago, eta hala egingo da; erabat aldatuko da.

“Berrikuntza ekainaren 26an hasiko da eta denboraldi-aurrea hasi baino lehen amaituko da, alegia, abuztuan. Obra hau egin nahi duten enpresek maiatzaren 4ra arte aurkez ditzakete beren proposamenak”, jakinarazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Belar artifiziala kendu eta punta-puntako beste bat jarriko da; gainera, lehendik dagoen drainatze-sistema ere hobetu egingo da. Bide batez, jokalarien aulkiak eta zelaiko ateak ere berrituko dira.

“Une honetan, drainatze-sistema ez dabil ondo; euria egiten duenean putzuak sortzen dira eta, ondorioz, zelaia egoera txarrean dago. Lan hauekin hori aldatu egingo da. Aurrekontu-partida handia onetsi dugu, ez dakigulako zer egongo den zelaiaren azpian eta nola dagoen hormigoizko zolarria. Nahiago dugu zuhurtziaz jokatu eta ezustekorik ez hartu, eta epeak bete nahi ditugu; horregatik, obraren lizitazio-aurrekontua 240.000 eurokoa izango da, gerta daitekeen edozein gorabeherari erantzun ahal izateko eta zelaia taldeen denboraldi-aurrerako prest uzteko”, azaldu du alkateak.

Adin guztietako 250 kirolari inguru aritzen dira Elkartean, 14 taldetan banatuta, hasi aurrebenjaminetatik (5 urtekoak) eta Ohorezko Mailara arte, gazteak, kadeteak, haurrak, kimuak eta benjaminak barne.

Meatzaldeko Udalak helburu bakarra du udal-azpiegitura hau berrituta: kirolari horien guztien ongizatea eta errendimendua hobetzea.

“Eskerrak eman nahi dizkiogu Udalari gure zelaian egindako inbertsioarengatik; beharrezkoa da eta zelaiaren eta bertako erabiltzaile guztien etorkizuna hobetzea ekarriko du. Gallartako Kirol Elkartea hazten ari da, eta Udalak horretan laguntzen digu”, esan du, amaitzeko, Elkarteko presidente Iñaki Ortegak.