Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udala eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Udal Sareak sozietate publikoaren bidez, lanean jarri dira bi urteko epean Las Calizas, Triano eta Picón auzoetako ur-horniduraren jatorria aldatzeko, inguru horietako auzotarrak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko hornidura-sare orokorretik hornitu daitezen edateko nahiz dutxatzeko urez. Horrela, tratamendu gradu handiagoko ura iritsiko da auzoetara, presio handiagoarekin, une oro kalitatea eta hornidura bermatuta.

 "Orain arte, Cerrilloko iturburuetatik zetorren udalerriko auzo horietako etxeetan kontsumitzen den ura, eta klorazio-tratamendu arrunta eginda, Las Calizas, Triano eta Picón auzoetako 71 abonatuak hornitzen ziren. Obra oso garrantzitsua da; izan ere, uraren hornidura-sarea eguneratuko da, eta etorkizunerako hobetuko. Udala arduratuko da uraren hornidura-sarea eraldatzeko lehen fase honetaz eta 213.418, 95 euro kostatuko zaio. Obrak azaroan hasiko dira", azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Esan bezala, lanak gauzatzeko lehen fase hau Udalak egingo du eta lau hilabetez iraungo du. La Esperanzako ur-andel berrian ponpaketa-ekipo bat instalatuko da eta ura burdinurtu nodularreko hoditeria berriaren bidez (100 mm-ko diametroa eta 1.500 m-ko luzera) ponpatuko da Las Calizasko ur-andel berrira (114 m3), 140 metroko malda gainditu ondoren.

"Horrela, hiru auzo horietan edateko uraren hornidurak tratamendu aurreratua izatea lortuko dugu, eta hornidura une oro bermatuta izatea, gorabeherarik gabe eta autonomia handiagoarekin andel berriari esker; hain zuzen, andela 24 orduz egongo da martxan. Inguru horietako auzotarren eskaerari erantzuten diogu horrenbestez, hain justu ere, eremu horietako bizilagunen etxeetan ur-hornidura hobetzeari buruzkoari. Obra konplexua da; horregatik, bi urteko epea emango da lanak amaitzeko (2018) eta bi fasetan egingo da", adierazi du Etxebarriak.

Proiektu handi honen bigarren faseaz Ur Partzuergoa arduratuko da, eta 708.994,18 euroko inbertsioa egingo du hiru auzoetan uraren hornidura-sarea erabat eraldatu ahal izateko. Udal Sareak sozietateak Triano eta Picón auzoetan dagoen sarea handituko du eta bi auzoetako hornidura-kanala batuko du. Lanak 2018ko otsailean hasiko dira eta 8 hilabetez iraungo dute.

 "Martxoan, hiru auzoetako bizilagunekin elkartu ginen proiektua aurrez aurre azaltzeko, Gallartako kultur etxeko ekitaldien aretoan. Udaleko eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko teknikariak auzotarren esku egon ziren, udal-proiektu nabarmen honen harira zituzten zalantza guztiak argitzeko. Han izan ginen, bai ni, bai obra, zerbitzu eta auzoen arloko zinegotzi Jon Cuesta, lanen gakoak azaltzeko, eta proiektuak harrera ona izan zuen bertaratutako auzotarren artean", adierazi du Abanto Zierbenako alkateak.

Las Calizas, Triano eta Picón auzoetako ur-hornidurarako plan berria ia milioi eurokoa izango da, eta proiektu estrategikoa izango da; hari esker, etorkizunean sareak udalerriko eremu horretan ondo funtzionatuko duela bermatuko da.