Albisteak

 

Hilabeteko epean Cotarro auzoa erabat eraldatu da. Orain irisgarriagoa eta hobea da bertako biztanleentzat. Asfaltoa berritu eta auzo txiki horren irudia edertu da.

“Autoen etengabeko joan-etorriaren eraginez, zoruak pitzadurak eta irudi txarra zituen, eta ez zen batere erosoa. Baina zoladura hobetzeko eta espaloia konpontzeko lanei esker, orain udalerriko eremu hori irisgarriagoa da. Izan ere, lan horien bitartez, auzoaren eta Gallartako hirigunearen arteko ibilgailuentzako komunikazioa ere hobetu da, eta Oilargorri plaza herritarrentzako leku erosoagoa bilakatu da”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Oilargorri plazan, galtzadarri motako testurekin inprimatutako asfaltoa erabili da. Eta zoladura hobetzeaz gain, energia, telekomunikazio eta argiteriaren arloko instalazio batzuk lurperatu dira.

“70 herritar baino gehiagok etekina aterako diete obra horien emaitzei; izan ere, orain auzo eroso, irisgarri eta ederragoa dute. 44, 48 eta 46 zenbakietako auzotarrek hala eskatuta, beren etxebizitzetarako sarrerak asfaltatu dira, 10. 000 euroko kostuarekin. Guztira, Cotarro zaharberritzeko lanetarako 80. 000 euroko inbertsioa egin dugu”, adierazi du Etxebarriak.

Jarduketa eremua 1. 760 m2-koa izan da; horietatik 592 asfalto inprimatuzkoak dira, eta 40 m2 espaloi aldaketak egiteko. San Miguel etxe-talderaino doan espaloia konpondu da, bai eta San Antonio parrokiarantz jaisten den bidea ere.

“Cotarro auzoa aurrera doa; gainera, Oilargorri plazako murrua pintatuko da eta 6 paperontzi berri jarriko dira. Auzotarrek komentatu digute pozik daudela zaharberritzearen emaitzekin eta Udalean ere pozik gaude esku-hartze honi dagokionez. Izan ere, hari esker, Cotarrok hemendik aurrera itxura berria du”, adierazi du Etxebarriak.