Albisteak

 

Udaberria iritsi da, eta harekin batera, baita eguraldi ona, egun luzeagoak eta merkataritza-bonua ere. Udaberri-giroko edizio honetan, hainbat berritasun izango dira: besteak beste, kontsumitzaileentzako bonu gehiago izango dira, eta guztira, 600 txartel jarriko dira salgai udalerriko 50 establezimendutan gastatzeko.

“Itzuli da udaberriko merkataritza-bonua, udalerriko merkataritza txikia babesteko eta bultzatzeko egitasmoa. Gero eta finkatuago dago herritarren artean, ediziotik ediziora arrakasta handiagoa izaten baitu.

Abanto Zierbenako Udalak, Abanto Zierbenako Merkatarien eta Ostalarien Elkartearekin eta Laboral Kutxarekin batera, “Erosi Abanto Zierbenako dendetan” kanpaina jarri du martxan” azaldu du Maite Etxebarria Abanto Zierbenako alkateak.

Beti bezala, bonuaren prezioa 20 eurokoa izango da, baina dendan 30 euroko balioa izango du, eta Abanto Zierbenako saltokietan erabili ahal izango da soilik, hain zuzen ere, kanpainan parte hartzen dutenetan. Oraingo honetan, herritar gehiagorengana iristeko, NAN bakoitzeko bi bonu erosi ahal izango dira soilik. Horrela, kanpainak ahalik eta onuradun gehien izatea bermatuko da, eta NAN bakoitzarekin saltzen diren bonuak informatikoki kontrolatuko dira. Hala ere, erosketa NANaren titularrak egin ahal izango du soilik.

Seiehun bonu jarriko dira zirkulazioan, aurreko edizioan baino ehun gehiago, eta apirilaren 3an, astelehenean jarriko dira salgai, horiek amaitu arte. Merkataritza-bonuari esker, herritarrek % 33 aurreztuko dute erosketak egitean, eta aldi berean, merkatari txikien hurbiltasuna eta lan ona sarituko dugu, haien salmentak bultzatuz.

“Beste berritasun bat da areagotu egin direla merkataritza-bonuaren salmenta-puntuak; izan ere, orain Gallartan ez ezik, Las Carrerasen ere erosi ahal izango dira. Egitasmo honetan parte hartu nahi dutenek Gallartako Enplegu eta Toki Garapenerako Agentziara eta Las Carreraseko Haritzalde erakusketa-aretora joan beharko dute, apirilaren 3an, astelehenean, eta apirilaren 4an, asteartean, goizez eta arratsaldez, banaketa erabatekoa izan dadin. Gure herritarrek oso erne egon beharko dute eta azkarrak izan beharko dira, merkataritza-bonuak ziztu bizian amaitzen baitira", jakinarazi du Etxebarriak.

Berrogeita hamar saltokik parte hartu dute ekintza honetan, eta hori bultzada handia da dendetarako eta kontsumitzaileentzat. “Uste dugu parte-hartzea areagotzearen arrazoia azken edizioan egindako aldaketa dela: 30 euroko bonuak 10 euroko bi bonutan eta 5 euroko beste bitan banatzeko aukera eman zen, eta, horri esker, erosketen zenbatekoak txikiagoak diren dendetan eta tabernetan egin daitezke erosketak”, adierazi du alkateak.

Udaberriko merkataritza-bonua erabiltzeko arauak aurreko edizioetako berberak dira, eta ezingo dira erosi bi bonu baino gehiago aldi berean. Txartel berezi hori aldi bakar batean erabili beharko da, eta erosketaren zenbatekoa bonuaren zenbatekoa baino txikiagoa izanez gero, ez da dirurik itzuliko eskudirutan. Bonuak ezin dira eskudirutan aldatu eta inola ere ez da itzuliko bonuaren zenbatekoa. Asko jota bi bonu erabili ahal izango dira erosketa-txartel bakoitzeko.

Atxikitako establezimenduen artean honako hauek daude, besteak beste: ile-apaindegiak, tabernak, harategiak, arrandegiak, fruta-dendak, argazki-dendak, arropa-dendak, altzari-dendak, hortz-klinikak... Guztira, 50 saltokitan gastatu ahal izango da merkataritza-bonua.

“Merkataritza-bonuaren seigarren edizioa izango da, eta osasun betean dago. Gure saltoki txikiei laguntzen die, salmentak bultzatzen dituelako, eta gure herritarri ere bai, deskontuak egiten baitizkie. Guztiok irabazten dugu, baita udalerriak ere. Merkataritza-bonuarekin, oparitu udaberria”, adierazi du Etxebarriak.

Bonuak erosten dituztenek 2017ko apirilaren 3tik 30era erabili ahal izango dituzte, bi egunok barne. Epe hori amaitu ondoren, ez dira baliozkoak izango ordaintzeko bitarteko gisa.

Kartela ikusi (PDF 348KB)

Txekea ikusi (PDF 99,9KB)