Albisteak

 

Plazak edozein udalerriko herritarrentzako topagune izan dira beti. Etxeko txikienenentzako jolasgunea dira, bai eta jende asko ibiltzen den lekua ere, normalean hirigunean daudelako. Las Carrerasko Haritzalde eta Gallartako Eusko Gudariak plazetan egunero biltzen dira pertsona ugari; alde batetik, haurrak, jolasteko, eta bestetik, helduak, aisialdiaz gozatzeko. Elkarbizitza onaren mesedetan, Abanto Zierbenako Udalak haurrei zuzendutako kontzientziazio kanpaina berria abiarazi du.

“Gure plazetan jolasten duten haurrek errespetuz egin dezaten nahi dugu, bakarrik ez daudela ikus dezaten; eremua partekatzen dute eta ikasi behar dute ondo pasatu dezaketela inor molestatu gabe. Askotan plazak futbol-zelai inprobisatu bilakatzen dira eta herritar batek baino gehiagok baloi-kolpe bat jaso izan du kafe bat hartzen edo besterik gabe handik ibiltzen zegoela. Gazteek kontuz ibili eta inguruan dituzten pertsonak errespetatu behar dituzte", azaldu du Abanto Zierbenako alkateak, Maite Etxebarriak.

Errespetutik jolasteko eta mezuak gazteengan eragina izateko, esku-orri bat diseinatu da, gazte eta familien artean banatzeko. Halaber, plastikozko baloiak banatuko dira haurren artean, arauzkoak ordezkatzeko; izan ere, horiek gogorragoak dira eta min handiagoa ematen dute nahi gabe baten bati kolperen bat ematen badiote.

 “Kanpainak ez du xede galarazlerik; baizik eta gazteei helarazi nahi zaie guztiontzako lekua dagoela, elkarbizitzen ikasi behar dutela. Gainera, baloiarekin jolastea zigorrarekin debekatzen zuten plakak kendu dira, eta horien ordez, lema hau dutenak jarri dira:  Errespetuz jolas dezagun”, adierazi du Etxebarriak.
 
Martxoaren 17an, ostiralean, arratsaldeko zazpietan, hiriko agenteak Haritzalde plazan banatuko dituzte esku-orri informatiboak eta plastikozko baloiak gazte eta familien artean. Ordubete geroago, gauza bera egingo da Eusko Gudariak plazan.

“Asteburuetan familiek eta lagun-taldeek plazak betetzen dituzte; horregatik, martxoaren 25ean, larunbatean, esku-orriak eta baloiak banatuko ditugu berriro, kanpaina ahalik eta herritar kopuru gehienari helarazteko, baina batez ere, gazteek lagunartean baloiarekin gozatzen ikas dezaten. Guztira, 500 esku-orri eta 200 baloi banatuko dira; hortaz, ekin jolasari, baina kontuz, beti errespetuarekin", adierazi du Etxebarriak.