Albisteak

 

Joan den urtean, Abanto Zierbenako ikasleek 50 fruta-arbola baino gehiago landatu zituzten Zuhaitz Egunean. Aurtengo Zuhaitz Egunak berrikuntzak ekarriko ditu: ikastetxeetako ikasleek euren ortuak martxan jartzeko aukera izango dute.

Udalak, martxoaren 15ean, ikasleen artean HUERTIK sistema banatuko du, hau da, ikasgela bakoitzari bere ortua erein eta zaintzeko aukera ematen dion teknika berri bat.

“Tapiz bat bezalakoa da, laborantzarako mantenugaiz betea, eta espezie desberdinak haztea bermatzen du. Materiala erretilu baten barruan ematen da, ikasgela ez zikintzeko eta hezetasuna saihesteko; hala, ikasleek letxugak edo marrubiak landatu eta hazten ikusi ahalko dituzte”, azaldu du Maite Etxebarriak, Abanto Zierbenako alkateak.

Zuhaitz Egunean, martxoaren 15ean, Huertik eta erretilua ez ezik, ikasgela bakoitzeko 3 letxuga eta 4 marrubi banatuko dira ikasleen artean, egun horretan landa ditzaten. Horrela, azkar hazten diren espezie horiek landatuta, ikasleek beren ahaleginaren fruitua jaso eta dastatu ahalko dute ikasturtea amaitu aurretik.

Guztira, Abanto Zierbenako ikastetxeetako ikasgelen eta ikasleen kopurua aintzat hartuta, 1.057 panfleto, 61 HUERTIK, 61 erretilu, 240 marrubi eta ia 200 letxuga banatuko dituzte.

Ikastetxe guztiek Eskola Agenda 21ekin lan egiteko konpromisoa hartu zuten. Egitasmo nagusietako bat da elikadura arduratsua eta iraunkorra egitea eskola-garaian. Zuhaitz Egunaz baliatuta, jarduera bat martxan jarri da: ikasleek ortu propioa sortu eta zaindu beharko dute, ondoren fruituak jaso eta jateko. Horrela, ikasiko dute mahaian dituzten elikagaiak ez direla supermerkatuetako apaletan jaiotzen, hau da, lana, ahalegina eta maitasuna behar dela landareak hazteko eta uzta biltzeko garaia iristeko.

“Gazteek asko gozatuko dute, eta euren ortuaren arduradunak izango dira; horretarako, baina, lan egin beharko dute. Ortuak zaindu beharko dituzte, eta, hala, ingurumenaren gaineko kontzientzia eta naturarekiko errespetua piztuko zaie. Guztiak balio du”, adierazi du Etxebarriak.
 
Martxan da Activate+ programa

Abanto Zierbenak Activate+ programa berria sustatuko du, Ezkerraldeko, Meatzaldeko eta Enkarterriko egitasmoekin bat eginez.

Programa honek bizitzako ohiturak aldatzea du helburu, eta lau fase garrantzitsu ditu: ura, energia, mugikortasuna, erosketa eta hondakinen kudeaketa, Abanto Zierbenako familia guztien artean iraunkortasuna sustatzeko helburuarekin.

Hemendik aurrera, eta hainbat astez, abantoarrek energiarekin, urarekin, erosketekin, hondakinekin eta mugikortasunarekin lotutako etxeko ohiturak modu erraz eta praktikoan hobetzen ikasiko dute, udalerri iraunkorra lortzeko helburuarekin. Gainera, parte-hartzaileek ikusiko dute zenbat hobetu duten ingurumen-arloan eta zenbat aurreztu duten etxean; horrez gain, sari bikainen zozketan parte hartu ahalko dute.

“Gela batetik irtetean argia itzaltzea eta hortzak garbitzean kanila ixtea, esaterako, mundua alda dezaketen gauza txikiak dira. Activate+ programak lau urte daramatza herritarrak kontzientziatzen keinu txiki guztiek balio dutela. Programaren bosgarren edizioa Bizkaiko Foru Aldundiak sustatu du, eta Ezkerraldean, Meatzaldean eta Enkarterrin ardazten da. Abanto Zierbena ingurumen-arloko egitasmo garrantzitsu honi batu zaio”, azaldu du Maite Etxebarriak, Abanto Zierbenako alkateak.

“Ingurumena zaintzen baduzu, zure osasunak eta poltsikoak irabaziko dute, aurreztu egingo duzu; abantailak besterik ez daude”, adierazi du Etxebarriak.

Aste honetan herriko etxeetako postontzietan ari dira informazioa banatzen, eta panfletoak udaleko lokal nagusietan ere utziko dira. Bestetik, zuzenean izena emateko orrialdera eramango zaituen banner bat jarriko da www.abanto-zierbena.eus webgunean.

Abanto Zierbenako Udalak familia guztiak animatu nahi ditu programa honetan parte hartzera; izan ere, sentsibilizatzeko, ikasteko eta onurak jasotzeko aukera bikaina izan daiteke. Gainera, udalerriarentzat ere aukera ona da ingurumenarekin dugun konpromisoa nabarmentzeko, gure herritarrek beti erakutsi duten bezala.

Gainera, programan parte hartzen duten familia guztien artean sari bikainak zozkatuko dira (informazio guztia oinarrietan dago azalduta).