Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udala, apurka-apurka, udalerriko haurrentzako esparruak berritzen ari da. Doctor Areilza etxetaldearen eta El Minero etorbidearen arteko esparrua orain dela gutxi berritu da, eta goitik behera aldatzeko aukeratu dute orain. Abanto Zierbenan 25 haur-esparru eta hiru eremu bio-osasungarri daude; bada, martxoaren 14an (asteartea) martxan jarri zen prozesu parte-hartzailearen helburua da esparruok txikienen behar eta nahietara egokitzea. Udalak inkesta bat igorri die gaur herriko haur eta familiei, helburu hori lortzeko.

“Haurrak dira egokienak euren aisiarako eremu berria eta jolas berriak aukeratzeko, parkeaz euren lagunekin gozatu ahal izateko. Haien iritzia oso garrantzitsua da haien neurrira egindako haur-parke bat egiteko”, adierazi du Maite Etxebarriak, Abanto Zierbenako alkateak.

Gallartako 0 eta 7 urte bitarteko 240 haurrek gutun bat jasoko dute, hautaketa honetan parte hartzeko. Blasco Ibañez parkearekin ere gauzatu zen prozesu parte-hartzaile bat, eta harrera bikaina izan zuen.

“Haur-parkeak berritzen ari garen bitartean joango gara egitasmo hau landuz; izan ere, haurrei zuzenean galdetzea da egokiena haien jolaserako nahiak zein diren jakiteko eta nahiok betetzeko. Eskolatik irtetean aske ibiltzeko eta ondo pasatzeko esparruak eduki behar dituzte, jolastu eta gozatu egin behar dute, haurrak baitira. Eta eremu horiek berritzea eta hobetzea guztiontzat aberasgarria da, guztiok irabazten dugu”, esan du Etxebarriak.

Parte hartzea oso erraza da: gutuna jasotakoan, haurrek, gurasoekin batera, inkesta moztu beharko dute (eskuorriaren behealdean dago), eta udalerriko hainbat lekutan jarritako postontzietan utzi (igerilekuetan, liburutegian edo Herritarren Arretarako Bulegoan). Inkesta Udalaren webgunetik ere bete daiiteke: www.abanto-zierbena.eus, edo eskuorrian agertzen den QR kodea mugikor batekin eskaneatuz.

Haurrek gutun horretan “Panthro” eta “Wing” ereduak ikusiko dituzte, txirristaz, plataformaz eta birakariz osatutakoak. Ezaugarri guztiak behar bezala azaltzen dira. Bi aukera berri eta erakargarri dira; soilik A edo B aukera hautatu behar dute, eta familiaren laguntzarekin egin dezakete. “Panthro” eredua objektu hegalari ezezagunen figurez eta espaziontziez osatuta dago, eta eskalada-murru bat ere badu. “Wing” ereduak, berriz, teilatuan autoak ditu eta txirrista bikoitz bat dauka; gainera, buelta ematen duen lema bat eta eskalatzeko elementu bertikal bat dauka. Etxeko txikienek ederki pasatuko dute zabu horietan igoz eta jaitsiz, edozein eredu aukeratuta ere.

“Inkestak aurkezteko epea datorren apirilaren 18an amaituko da, asteartean. Orduan jasoko ditugu boto guztiak, eta emaitzen berri emango dugu. Boto gehien jasotako eredua jarriko da parkean udarako, Abanto Zierbenako haur guztiek goza dezaten. Haur-eremu berri horren kostua 21.000 eurokoa izango da”, esan du Etxebarriak, amaitzeko.