Albisteak

 

Igandean, urriaren 16an, mendiko botak jantzi eta bideari ekiteko garaia iritsiko da. Hemen dugu Abanto Zierbenako 2016ko VII. Mendi Ibilaldia, Meatzaldeko mendi-topaketarik garrantzitsuena. Ibilbidea Triano eta Galdamesko mendietatik igaroko da eta bi aukera egongo dira: ibilbide luzea, 35 kilometrokoa, eta ibilbide laburra, 23 kilometrokoa. Hortaz, Euskadi osotik espero ditugun 400 mendizaleek haien hanketara hobekien egokitzen den ibilbidea hautatu ahal izango dute.

“Ibilaldia ez da lehiaketa bat; xedea mendizaletasuna sustatzea eta udalerria eta bere meatze-sustraiak ezagutzea da. Martxa ibiliz egiteko diseinatua dago, ez da lasterketa bat”, azaldu du Abanto Zierbenako Udaleko Kirol Saileko zinegotzi Eduardo Menak.

Parte-hartzaileek historian zehar gehien ustiatutako meatze-guneetatik eta antzinatik abeltzaintza estentsiborako erabili izan diren larreetatik ibiliko dira. Ibilbideko gailurretatik bista ederrak bermatuta daude; ibilbidea Pico Ventana (527, udalerriko mendirik garaiena da), La Rasa (611 m), El Cuadro (713 m), Pico Mayor (747 m), Ganeran (822 m, ibilbideko punturik garaiena izango da), San Juan (669 m) eta Montaño (326 m) mendietatik igaroko da.

“Parte-hartzaileek Bizkaiko gailurretako bistarik onenez gozatzeko aukera izango dute: itsasoa eta Ibaizabalen bazterrak gure mendietatik”, azpimarratu du Menak. Mendi Ibilaldia Abanto Zierbenako Udalak eta Gallarreta Mendi Taldeak antolatu dute, Petronor eta DEIAren laguntzarekin. Ibilaldiaren aurkezpenean, Kirol Saileko zinegotzi Eduardo Menarekin batera, Andreu Puñet (Petronorreko kontseilari delegatua), Bingen Zupiria (DEIAko zuzendari nagusia), Kike Hermosilla (DEIAko zuzendari komertziala) eta Goyo Vicente (Gallarretako Mendi Taldeko presidentea) egon dira.

“Kirolari guztiei irekitako jarduera da eta xedea mendizaletasuna sustatzea da; izan ere, oso arin hartzen da kirol honengatiko zaletasuna eta gero eta jende gehiagok praktikatzen du. Urtero, Abanto Zierbenako Mendi Ibilaldiaren sustraiak are gehiago errotzen dira, parte-hartzaile gehiago biltzen ditu; eta hori da jarraitu nahi dugun bidea”, adierazi dute erakunde antolatzaileek.
Aurreko urtean Euskal Herri osotik etorritako 350 parte-hartzaile egon ziren; erritmo horri eusten badio, azkenean, klasiko bat izatera iritsiko da. Hala ere, antolatzaileek 400 kirolaritan jarri nahi izan dute muga.

“Kopuru hori gaindituko balitz, Ibilaldiari edertasuna kentzeaz gain, gure inguru aberatsa kaltetu liteke. Halaber, modu honetan, proba interesgarriagoa izango da, askoz hurbilagoa”, azaldu dute antolatzaileek. Abanto Zierbenako Mendi Ibilbidea izaera parte-hartzaileagatik eta mendi-anaitasunagatik nabarmentzen da eta erreferente kulturala izateko bidean dago.

Parte-hartzaile guztien baldintzetara egokitzeko xedearekin, VII. Mendi Ibilbideak bi aukera eskaintzen ditu, aurreko urtekoak baino zertxobait gogorragoak: alde batetik, 35 kilometroko ibilbide luzea, trebatuenentzako; bestetik, 23 kilometroko ibilbide eskuragarriagoa, parte-hartzaile gehienentzako egokia.

“Jarduera osasungarria izateaz gain, gure inguruko onena ezagutzeko aukera izango dugu; ezin da gehiago eskatu igande baterako. Hortaz, igandean Abanto Zierbenako Mendi Ibilaldiari ekingo diogu”, adierazi du Menak.

Izena ematen duten mendizaleek hornidura solido eta likidoa jasoko dute ibilbidean zehar. Halaber, Gallartako Txikito pilotalekuko dutxak erabili ahal izango dituzte proba amaitutakoan. Izena emateko epea asteazkenean, urriaren 12an, amaituko da. Igandean, goizeko zortzietan, Meatzaldeko udalerriaren sustrai berde eta altuenetatik igaroko den mendi-abenturari ekingo zaio; zerutik gertuko ibilbidea izango da, zalantzarik gabe.

Ikusi kartela (PDF 6,74MB)
Ikusi informazio guztia (PDF 4,8MB)