Albisteak

 

50 urtez errendimendu osoz lanean jarduteak behar bezalako ospakizuna merezi du; horregatik, El Casal Ikastetxeak hezkuntzan urrezko ezteiak handiki ospatuko ditu asteburu osoan. Ostiralean, urriaren 14an, arratsaldeko seietan, ikastetxeko ikasleek topaketa egingo dute patioan, eta bertatik hasiko dute Eusko Gudariak plazara arteko jaitsiera.

Arratsaldeko zazpiak laurden gutxian, hasiera emango zaio hezkuntzan 50 urtez jo eta ke jardun izana ospatzeko oroipen-ekitaldiari, eta, nola ez, ohorezko aurreskua egingo da. Arratsaldeko zazpietan El Casaleko adin guztietako ikasleek dantza bat eskainiko dute beren pausoen bidez eskolari omenaldi ederra egiteko.

“El Casal Ikastetxea gure udalerriaren historiaren parte izan da 50 urtez; Abanto Zierbenako milaka haur hezi ditu bere ikasgeletan. Haietako batzuk egun guraso dira eta beren haurrek El Casaleko ikasgeletan ikasten eta bertako patioetan jolasten dute. Ikastetxea modernizatu egin da urteetan zehar, eta hobetu egin du hezkuntza-metodoa; gaur egun, eskualdeko onenen artean dago. Zorionak, El Casal, zorionak urte hauetan zehar bertan lan egin duten irakasleei eta bertan hazi diren eta egun dauden ikasle guztiei. Ohore handia da urrezko ezteiak ospatzea, horrek behar bezala jardun dela esan nahi baitu”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Arratsaldeko zazpiak eta laurdenean Xaiborrek dantzan jarriko du plazan dagoen pertsona oro erritmoz beteriko emanaldiaren bitartez. Gainera, taloa erosi ahal izango da, askaltzeko.

Larunbatean, urriaren 15ean, urtebetetze-jaiak aurrera jarraituko du ikastetxeko patioan; puzgarriak, ekintzak, herri-kirolak eta disko-festa egongo dira goizeko hamaiketatik eguerdiko ordu bata eta erdira arte. Ordu bata eta erdian Sanfuenteserako jaitsiera hasiko da, eta ondoren, Sanfuentesko pilotalekuan herri-bazkaria ospatuko dugu. Postre gisa, haurrek magia emanaldi batez gozatu ahal izango dute; nagusienek, berriz, Raspurekin batera egingo dute dantza. Ospakizuna amaitzeko, familia osoarentzako txokolate-edana egongo da arratsaldeko zazpiak eta erdian, Sanfuentesen.

“Ez dira egunero betetzen 50 urte, bizitza oso bat eskolak ematen, belaunaldiz belaunaldi hezten. Pribilegio handia da; hortaz, zorionak eta eskerrik asko gaurko egunera arte eman diguzuen guztiagatik, asko baita; izan ere, Hezkuntza beti da garrantzitsuena”, amaitu du Etxebarriak.

Ikusi kartela (PDF 626KB)