Albisteak

 

Abanto Zierbenako Neguko Merkataritza Bonua klasiko bihurtu da jada: iristen den bakoitzean, arrakasta betea izaten du. Oraingo honetan zenbait berritasun dakartza, era guztietako saltoki gehiagok parte har dezaten. Kanpaina honetan, 30 euroko bonu bakoitza 10 euroko bi billetetan eta 5 euroko beste bi billetetan zatituta egongo da.

"Establezimenduek oraintxe dute kanpainarekin bat egiteko aukera; urriaren 7ra arte aurkez dezakete eskaera. Merkataritza-bonuaren iazko edizioan 40 saltokik esku hartu zuten", adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Udaberriko Merkataritza Bonuak izan zuen arrakasta ikusirik, negukoa ailegatu da orain. Abanto Zierbenako Udalak, Abanto Zierbenako Merkatarien eta Ostalarien Elkartearekin eta Laboral Kutxarekin batera, abian jarri du "Erosi Abanto Zierbenako saltokietan" kanpaina.

Helburua udalerriko saltoki txikiei babesa ematea da, eta haien gertutasuna eta ahaleginak erosketa-bonuen bidez saritzen dira. Bonu horiek bizilagunei eta bisitariei are onura gehiago dakarzkiete, erosketak egitean % 33 aurrezten baitute. Horretarako, 500 bonu emango dira, bakoitza 30 eurokoa.

"Bonu bakoitzak 20 euro balio du, eta 30 euroko erosketa egin daiteke bonuarekin. Kanpainari atxikita dauden Abanto Zierbenako dendetan bakarrik egin daiteke erosketa", azaldu du Etxebarriak.

Merkataritza-bonua azaroaren 1ean jarriko da martxan, eta hori bultzada ederra izango da dendentzat zein kontsumitzaileentzat. Bonuak azaroaren 1etik 30era edo amaitzen diren arte erosi ahal izango dira, Gallartako El Minero 1 etorbidean dagoen Laboral Kutxan, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara, eta ostegunetan 16:30etik 19:30era ere bai. Horixe da, hain zuzen ere, bigarren berritasuna: bonuak arratsaldez erosi ahal izango dira, hala eskatu baitzuten hainbat herritarrek.

"Udaberriko 500 bonuak 5 egunean amaitu ziren. Kanpaina hau gero eta errotuago dago, eta herritarren zein saltzaileen onerako da", esan du Etxebarriak.

Hori bai, ezingo dira bi bonu baino gehiago erosi aldi berean. Txartel berezi hau behin baino ezingo da erabili, eta erosketaren zenbatekoa bonuaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, ez da atzerakoa eskudirutan itzuliko. Bonuak ezin dira eskudiruarekin trukatu, eta bonuaren zenbatekoa ez da inoiz itzuliko. Asko jota bi bonu erabili ahal izango dira erosketa-txartel bakoitzeko.

Merkataritza Bonua Abanto Zierbenako udalaren Merkataritza Dinamizatzeko Planaren ekintzetako bat da, eta duela lau urte jarri zen martxan. Proiektu garrantzitsu honen helburua da, batetik, herriko saltokien lehiakortasuna hobetzen laguntzea eta, bestetik, kontsumitzaileen merkataritza-esperientzia hobetzea. Gainera, plan horrek dituen neurriek saltokia udal-kudeaketan integra dadin laguntzen dute, eta, hala, udalerri erakargarri eta jasangarriago bat lortzen da.

2016ko Neguko Merkataritza Bonua sustatzeko kanpainaren aurrekontua 5.000 eurokoa da.

Ikusi dokumentua (PDF 275KB)

.Ikusi