Albisteak

 

Herritar hori:

Gogoan izango duzunez, joan den otsailaren 28an lur-jausia gertatu zen Rubiasko tunelaren ahoan, aurretik hainbat egunez etengabe euria egin ostean bi egunez euri-jasak izan zirelako.

Luiziak Rubiasko tunelaren mendebaldeko ahoari eragin zion, eta Putxeta auzoa Rubias auzoarekin lotzen duen bideko zirkulazioa eten egin zen; izan ere, beste lur-jausi batzuk gertatzeko arriskua zegoela eta, Udalak berehala itxi behar izan zuen tuneleko bidea eta oinezkoen pasabidea.

Segituan hasi zituzten tunelaren aho ingurua garbitzeko eta hondakinak kentzeko lanak, eror zitekeen objektu askerik gera ez zedin eta, batik bat, tunelaren ahoaren egoera ebalua zedin. Eskatutako azterlanen arabera, tunelaren sarreraren inguruko hegala sendotu, urak bideratu eta tunelari aho berri bat jarri behar zitzaion, segurtasuna bermatzeko; horrez gain, tunela itxita edukitzeko gomendioa eman zen.

Martxoan eta apirilean, Udala bizkor-bizkor aritu da lanean, tunela ahal bezain lasterrena ireki ahal izateko berriz; horretarako, obra egiteko beharrezko proiektuak egin ditu, Aldundiari diru-laguntza eskatu dio, eta, azkenik, legez ezarritako lizitazioa atera du obrak kontratatzeko.

Azken izapide horrek, obren kontratazioak, epe finko batzuk ditu, aldaezinak, eta maiatz honen bukaeran amaituko dira. Horrenbestez, obrak ekainaren erdialdera hasiko dira seguruenik, eta, ezustekorik ez bada, tunela abuztua baino lehen zabaldu ahalko da atzera.

Jakitun gara tunela ixteak eragozpenak sortu dizkiela hainbat herritarri. Horregatik, garrantzitsua iruditu zaigu Udalak eginiko lanen berri ematea.

Bide batez, gogorarazi nahi dizut eskura duzula herritarrek parte hartzeko eta komunikatzeko kanal berria, AUZO AHOTSAK. Kanal horretan, aurkezten duzun edozein kontsultari, kexari edo iradokizuni erantzungo diot nik neuk.

Hona hemen harremanetarako datuak:

Helbide elektronikoa: auzoak.barrios@abanto-zierbena.org 
Aurrez aurreko arreta: (ordua eskatu BAZen telefono-zenbakira deituta: 946 362 000)
Astelehena: 10:00 – 13:00. Udaletxean.
Osteguna: 17:00 – 20:00.
Hileko lehen ostegunean, Sanfuentesko lehengo eskoletan (ezkerreko gelan).
Bigarren ostegunean, Haritzalden.
Hirugarren ostegunean, Gallartako erakustaretoan.

Jaso ezazu agur bero bat.

Abanto Zierbenan, 2016ko maiatzaren 9an
Obra eta Zerbitzuetako, Auzoetako, Giza Baliabideetako eta Udaltzaingoko zinegotzia
Jon Cuesta Escamilla