Albisteak

 

Abanto Zierbenako Herritarren Arreta Zerbitzuaren xedea honako hau izan da hasieratik: Abanto Zierbenako herritarren eta Udalaren arteko harremanetarako gune bakarra izatea, informazioa lortzeko, agiriak aurkezteko eta udal-kudeaketak egiteko. Gaur egun, proiektu berritzaile hori errotuta dago, eta arreta pertsonalizatua, eraginkorra, azkarra eta erosoa eskaintzen du.

Joan den urtarrilaren 20an, Meatzaldeko udal honek lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuen, laguntza-programaren esparruan, EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearekin eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin (HAEE), EAEko udal guztietan Herritarren Arreta Zerbitzu Integrala jartzeko.

“Oso harro gaude aintzat hartu gaituztelako, gure Herritarren Arreta Zerbitzua aintzat hartu dutelako eta eredu gisa jarri gaituztelako. HAZ herritarrek egin beharreko udal-kudeaketak arintzeko sortu zen, eta bete-betean ari da funtzionatzen. Arrakasta itzela da” azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

HAZen, besteak beste, honako zerbitzu hauek gauzatzen dira: udalari eta herritarrei buruzko informazioa, udal-jarduerarekin zerikusia duten inprimakiak eta eskuorriak, hirigintza-informazioa eta deialdiak.

Konpromiso hori mahai gainean dugula, Meatzaldeko udala bisitatuko dute EAEko beste udal batzuetako gobernu-taldeek, eta lan-saioak egingo dira, azaltzeko zein diren Herritarren Arreta Zerbitzu Integrala sortzeko prozesuaren ildo nagusiak. Halaber, bisitaldi gidatua egingo da zerbitzua bera ezagutzeko, udaletxearen beheko solairura hain zuzen.
Baina lankidetza ez da hor amaituko; izan ere, komunikazio-kanal bat zabalduko da, udal partaideetako arduradunek prozesuan izan dezaketen edozein zalantza argitu ahal izateko.

“Erakundearteko hitzarmen garrantzitsua da, prestakuntza-arloan lankidetza-esparru egonkorra ezartzen baitu modu eraginkorragoan, tokiko erakundeetako langileekin” azpimarratu du Etxebarriak.

EUDELek udalen etengabeko berrikuntzaren eta modernizazioaren alde egiten du, eta sortu zenetik bertatik sustatu eta garatzen ditu honen antzeko planak, Eusko Jaurlaritzarekin, HAEErekin eta foru-aldundiekin elkarlanean. Ekimen horien artean dago TAB deitutakoa (Tokiko Berrikuntza Agendak). TABen bidez hauteman da, besteak beste, gure udal gehienek Herritarren Arreta Zerbitzu Integrala ezartzeko zuten kezka.

Hori dela eta, EUDELek eta HAEEk erabaki dute prestakuntza- eta laguntza-plana programatzea, udal guztietan Herritarren Arreta Zerbitzu Integrala ezartzeko. Hori Abanto Zierbenarekin batera egingo dute, berau izango baita estandartea, kudeaketa-eredua.