Albisteak

 

Abanto-Zierbenan, 2015eko urriaren 16an. Corta eraikinaren eskeletoa Gallartako Concha II meatzearen gainean dago, eta gorputza eta altuera hartuko ditu orain hasi diren obrekin, Meatzaritzaren Kultura eta Ingurumen Parkea bihurtzeko. Proiektu handi hau eskualdeko ekonomiaren zein ondare historiko eta kulturalaren eragile izango da. Ekitaldian, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuorde Iosu Madariaga, Abanto-Zierbenako alkate Maite Etxebarria eta Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa Fundazioaren presidente Carmelo Uriartek kutxa batean lurperatu dituzte eguneko egunkariak, txanpon batzuk eta Euskal Herriko Meatzaritzaren Kultura eta Ingurumen Parkearen Interpretazio Zentroa eraikitzeko lanen hasiera-akta. Ekitaldi sinboliko honek hasiera eman die obrei, eta, bertan, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatu Elena Unzuetak ere parte hartu du.

Corta eraikinak —aire zabaleko Concha II meategiaren paisaia ikusgarrira azaltzen den amaitu gabeko eraikuntza— Peñas Negraseko ingurumen interpretazio-zentroaren edukiak hartuko ditu, bai eta egingo den Meatzaldeko biotopo babestuaren interpretazio-zentroarenak ere. Ekipamenduan, 2.000 metro koadroko azalerako erakusketa-espazio bat izango da, bai eta entzunareto bat eta erabilera anitzeko gela bat ere; hori guztia, inguruko paisaia erakusketaren funtsezko osagai izateko leiho handiekin diseinatu den eraikin batean.

Erakusketa-espazioak ingurumenaren arloko edukiak hartuko ditu, hala nola inguruko geologia eta haren ezaugarri ekologikoak eta biologikoak. Leku horretan, halaber, erakusgai jarriko dira eskualdearen historiarekin lotutako meatzaritza-bildumak, non gordetzen baitira meatzaritzaren goreneko aldietako materialak, aldi haietako bakoitzaren makinak eta meatzaritzaren kultura, besteak beste. Zentro hau, beraz, Meatzaldeko kultura eta burdina-mendien biotopoaren azterlana ezagutarazteko espazio garrantzitsu bat izango da.

Plaka bat jarri ondoren, ekitaldira bertaratutakoek aukera izan dute bisitatzeko 700 metro luze eta 350 metro zabal den eta Bizkaiko aire zabaleko punturik baxuenean (itsas mailatik azpiko 37 metrora) dagoen ebaketa geologiko handi honetara azaltzen den egitura izugarri honen barrualdea.

Proiektuak kokaleku bakarrean bilduko ditu meatzaritzaren historiaren interpretazioko eta inguruneko erakusketa-baliabide guztiak; 2017an amaituko da, eta 1.845.000 euroko aurrekontu bat izango du, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak (900.000), Bizkaiko Foru Aldundiak (900.000) eta Abanto-Zierbenako Udalak (45.000) egindako ekarpenei esker.