Albisteak

 

Udako aisialdiak (eguzkia eta bainuak) ez du zertan hondartzarekin bakarrik lotuta egon. Aurten, Abanto Zierbenako Udalak solarium bat, 2.000 m2-ko eremu bat, jarriko du udal-igerilekuen ondoan, bertako familiek eta pertsonek udalerrian bertan freskatzeko eta atseden hartzeko aukera izan dezaten. “Joan den urtean oso harrera ona izan zuen, eta aurten, aisialdi-gune hori irekitzeaz gain, elementu berriak jarriko ditugu, helduentzat zein haurrentzat” azaldu du Maite Etxebarria alkateak.

Solariuma zelai natural batean egongo da, eta asmoa da eguna hondartzan bezala igarotzea, baina aukera gehiagorekin. Gune horretatik zuzenean sartu ahal izango da igerilekuetara, bai eta gainerako zerbitzuetara ere; besteak beste, gimnasiora eta kafetegira. Hainbat elementuz egongo da hornituta: otorduetarako mahaiak eta eserlekuak, paperontziak eta, bereziki, haurrentzako jolas-gune bat, kulunkekin, mahai-tenisarekin eta beste hainbat gauzarekin. Liburutegi txiki bat ere egongo da, aire zabalean irakurri ahal izateko. Halaber, doako wifi zerbitzua izango dute bertaratzen direnek.

Ekainaren 15ean (astelehena) irekiko dituzte instalazioak, eta irailera arte egongo dira irekita, betiere klimaren arabera. Alkateak nabarmendu duenez, “uztailean, arratsaldeko lauretatik zortzietara, jolasen begirale euskaldun batek ekintzak antolatuko ditu haurrentzat, diberti daitezen, gurasoek asko eskertu ohi baitituzte halakoak”.

Abuztuan, ordutegia 10:00etatik 21:00etara bitartekoa izango da astelehenetik larunbatera, eta igandean, berriz, 10:00etatik 14:00etara bitartekoa. Abuztuaren bigarren hamabostalditik irailaren 1era, instalazioa itxi egingo da, mantentze-lanak egiteko.
Alkateak herritarrei dei egin die “aisialdirako eta entretenimendurako leku zoragarri hau aprobetxatzeko eta erabiltzeko, betiere ondasun publikoak errespetatuz eta zainduz”.