Albisteak

 

Meatzaldeako Udalak hitzarmena sinatu du Foru Aldundiarekin, mendetasuna duten pertsonei familia barruan laguntzeko foru-programa garatzeko. Zainduz mendekotasuna duten pertsonak zaintzen dituzten familiei laguntzeko udal zerbitzua da, eta honako ekintza hauek hartzen ditu bere baitan: informazioa eta orientabidea, gizartearen sentsibilizazioa, boluntariotza, prestakuntza eta laguntza psikologikoa. Programaren helburua da mendeko pertsonen, zaintzaileen eta inguruko senideen bizi-kalitatea hobetzea.

“Udal honek duela 6 urte jarri zuen martxan programa hau udalerrian. Garrantzi handia du; izan ere, erantzun erreala ematen dio mendeko pertsona bat zaintzea bezalako lan konplexu bati” adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarria andreak.

Aurten hainbat ekintza egin dira; esaterako adineko pertsonentzako jarduera psikofisikoak. Jarduera horien helburua pertsona horien egoera fisikoa eta mentala hobetzea zen, lasaitzeko praktiken edo memoria-ariketen bitartez.

“Barrea oso lagungarria da halako kasuetan; horregatik, barreterapia tailerrak ere egin dira, askotan barre egitea baita terapiarik onena” adierazi du Etxebarriak.

Oso garrantzitsua da gure nagusiei laguntzea, baina haiek zaintzen dituzten senideei ere lagundu egin behar diegu, haien lanak berebiziko garrantzia baitu. Lan handia eta zaila dute esku artean; horregatik, haiei ere eman behar diegu laguntza.

“Zaintzailearentzat oso nekagarria da lan hori, eta horrek ondorioak izan ditzake pertsona horrengan; besteak beste, akidura fisikoa, gizartetik isolatzea, triste sentitzea, gogorik gabe egotea, bai eta antsietatea ere. Hori dela eta, taldeko zein banako laguntza psikologikoko zerbitzuak eta auto-laguntza taldeak eskaintzen ditugu.Euren burua zaindu behar dute” jakinarazi du alkateak.
Denbora luzez mendeko pertsona bat zaintzea oso zaila da fisikoki zein psikologikoki; horregatik, zaintzaileentzako aisialdi-guneak sortu dira.

Gainera, informazio-jardunaldiak ere antolatu dira, mendeko pertsonak zaintzen dituzten haien ezagutzak zabaltzeko eta, hala, haien eguneroko bizitza errazteko.

Sinatutako akordioan, 2015ean egindako jarduerak biltzen dira. Aurkeztutako proiektuak, guztira, 17.360,00 euro balio izan du. Foru Aldundiak 3.475,20 euroko diru-laguntza eman du.