Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak udalerriko langabeei enplegua bilatzeko konpromisoari eusten dio. Hori dela eta, Abanto Enpresa programa martxan jarrita, langabezian zeuden 10 herritarri Meatzaldeko udalerriko erakundeetan lana ematea lortu du.

Programa garrantzitsu horren helburua da erraztasunak ematea Abanto Zierbenan erroldatuta eta Lanbiden enplegu-bilatzaile gisa izena emanda dauden langabeak kontrata ditzaten helbide fiskala, soziala edo lan-zentroa Abanto Zierbenan duten enpresek, saltokiek eta profesionalek, beren forma juridikoa gorabehera, eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek, elkarteek edo fundazioek.

“Oraingoan, ile-apaintzaileen bi postu, igeltserotzako bat, sukaldeko laguntzaile izateko bat, zerbitzari-laguntzaile izateko bi, komertzial-postu bat, tratamendu termikoen teknikari izateko bat, sukaldeko laguntzaile izateko beste bat eta sukaldari-postu bat bete dira. Guztira, 10 lanpostu, lan egiteko gogoz dauden eta lana berehala aurkitu ezin izan duten 10 pertsonarentzat” azaldu du Maite Etxebarria Abanto Zierbenako alkateak.

Kontratuak gutxienez hiru hilekoak izan dira, eta gehienez hamabikoak, eta edozein kontratazio-modalitate formalizatzeko aukera egon da, prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratua izan ezik. Kontratuak lanaldi osorako edo lanaldi partzialerako egin zitezkeen, baina, betiere, gutxienez lanaldiaren % 50erako. Enpresek, Meatzaldeko udalaren diru-laguntza jasotzeko, langabeak kontratatu behar izan dituzte, Abanto Zierbenan erroldatuta eta Lanbiden enplegu-bilatzaile gisa izena emanda daudenak.
Kontratazioak 2015eko urtarrilaren 1etik 2015eko abenduaren 31ra bitartean egin dira. Laguntzaren kopuruak, guztira, ezin zuen gainditu kontratatutako pertsonen soldaten eta gizarte-segurantzaren kostuen % 75.

Lan-kontratuak kasu bakoitzean exijitutako edo diruz lagundutako gutxieneko aldia bete aurretik amaituz gero, emandako diru-laguntza bueltatu behar da, kontratua erakunde kontratatzailearen kanpoko kausengatik amaitu ez bada behintzat; kasu horretan, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztuko da, lan-kontratuaren benetako iraupenarekin proportzioan.

“Hemen, Udalean, ahalegin handia egin dugu langabeei laguntzeko, eta kanpaina honetara 46.500 euro bideratu ditugu diru-laguntzetarako, langabezian ditugun herritarrak kontratatu nahi izan dituzten enpresentzat” esan du Etxebarriak.

Enpresa onuradunek gehienez 6.000 euroko laguntzak jaso dituzte 12 hilabeteko eta lanaldi osoko kontratu bakoitzeko, Gizarte Segurantza barne; bestalde, gutxienez 750 euroko laguntza jaso dute 3 hilabeteko eta % 50eko lanaldiko kontratu bakoitzeko.
Datu oso positiboa da Abanto Enpresa programari esker kontratatu diren 10 enplegu-eskatzaile horietatik seik kontratu mugagabea sinatu izana; beraz, enpresa horientzat lanean dabiltza oraindik ere.