Albisteak

 
Kotarroko Oilargorri kultur elkarteak, bere ahaleginaren, ekimenaren eta lanaren bitartez, biziberritu egin ditu Cotarro auzoko jaiak, eta Abanto Zierbenako jai-egutegian galdu ezineko egun bilakatu ditu.

“Gazteen elkarte horrek jaiak berreskuratu ditu; jendeak lehen bezala gozatzea lortu dute, herritarrek ere gehiago hartzen dute parte eta, jendeak, oro har, primeran pasatzen du. Hainbat jarduera antolatzen dituzte, eta horrek primerako giroa ematen dio auzoari. Guk, egindako lana eskertzeko, orain arte izenik ez zuen Cotarroko plazari Oilargorri Enparantza izena jartzea erabaki dugu” jakinarazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Kotarroko Oilargorri kultur elkartea irabazi asmorik gabeko elkartea da. Duela 5 urte sortu zen, helburu honekin: Cotarron jarduera kulturalak, sozialak eta gazte-mugimendua bultzatzea eta herritarrak auzoko jaietan esku hartzera eta parte hartzera animatzea.

“Horretarako, erakusketak egin dituzte, auzoaren lehengo eta oraingo itxura erakusteko; herritarren iritziak entzun dituzte, iradokizun-postontzien bitartez... Eta auzoko bizimodua hobetzen saiatu dira, une oro” adierazi du Etxebarriak. Hori dela eta, Meatzaldeako Udalak elkarteak egindako lana saritu nahi du, era berezi batean: elkarte horren izena emango dio, hain zuzen, elkarteari esker bizitasunez eta esperientzia ederrez bete den plazari. Izen hori, gainera, Cotarron aspaldian zegoen establezimendu baten izenetik dator: Gallo Rojo.

Elkartea sortu zenetik, helburu guztiak bete ditu, eta herritarrek Udalari eskatu diote elkartea saritu dezala. Gure ustez, keinu ahaztezin hau da saritzeko erarik onena. Hemendik gutxira ekitaldi bat egingo da Kotarroko Oilargorrirekin, eta plazan haien omenezko plaka bat jarriko da.

Egitasmo hau Abanto Zierbenako Udalbatza osoak onetsi zuen, 2015eko urriaren 29an.