Albisteak

 

Hau izan da Abanto Zierbenan hautetsi berri den alkate Maite Etxeberriaren lehen erabakia: hiru zinegotziei laguntzea, ahalik eta azkarrena has daitezen Udaleko lanetan. Etxebarriaren esanetan, “harrera-plan bat egituratu dute, zinegotziei lehen egunetik laguntzeko euren eginkizunak betetzen. Hori egin ezean, pixkanaka eta motelago joan beharko lukete informazioa biltzen”. Alkatetzara iristean izan izandako esperientzia gogorarazi du alkateak programaren beharra justifikatzeko: “Denbora luzea eta ahalegin handia behar izan nuen udal-egitura ezagutzeko. Orain, erraztu egin nahi diet prozesu hori udalkide berriei”.

Planak hiru fase ditu. Lehen fasea ostegunean egin zen: Udala eratzeko osoko bilkuraren “entsegu” bat egin zen, zinegotziek jakin dezaten nolakoa izango den larunbat honetan egingo den ekitaldia. Lehenik eta behin, adineko mahaia eratuko da; ondoren, hautetsitako kargudunen zin egitea eta hitzematea egingo da eta, azkenik, alkatea hautatzeko bozketa eta legeak ezartzen dituen gainerako izapideak. Ia udalkide berri guztiak bertaratu ziren entsegura.

Datorren astean, behin Udal berria eratuta, bi informazio-saio egingo dira, teknikariek azaltzeko Udalaren egitura zein den, zein sailetan banatzen den eta zein eginkizun dituen sail bakoitzak. Banan-banan ezagutuko dituzte arlo bakoitzean lan egiten duten pertsonak eta haien zuzendariak. Bisita gidatu honetan, “Abanto Zierbena Zerbitzuak” enpresa publikoa ere bisitatuko dute, haren helburu eta proiektuak hobeto ezagutzeko.

Harrera Planean osoko bilkuraren eta batzordeen funtzionamendua azalduko zaie hautetsitako kargudunei, bai eta udalkide gisa izango dituzten eskubide eta betebeharrak ere. Galderak eta mozioak nola aurkeztu ere azalduko zaie, eta indarrean dagoen araudia eta barne-araudia ere bai. Horrez gain, informazio-karpeta bat emango zaie udaletxean oro har erabiltzen diren agiriekin.

Zinegotzi berriei azalduko zaie Udala eratu eta 30 eguneko epean funtzio-egitura finkatu beharko dela 2015-2019 denboraldirako, eta batzordeak eratu beharko direla. Horretarako, arlo bakoitzeko ordezkariak izendatu beharko dituzte, euren hautetsi-kopuruaren arabera.

Alkatearen esanetan, “Udala pertsona hautetsi guztiek osatzen duten talde bat da, eta, bakoitzaren arduraz eta gobernu-taldeaz harago, udalkideak euren lanean eta barne-kudeaketan eroso senti daitezen nahi dut. Hori da, halaber, Abanto Zierbenako herritarrek eskatzen didatena: elkarrizketa eta lankidetza, desadostasun politikoez harago”.