Albisteak

 

• Gallartako eta Sanfuentesko semaforoetan LED lanparak jarri dira goritasun-lanparen ordez, eta El Cerro multzoan argiteria publikoa hobetu da.

• Ia 200.000 euroko inbertsioa egin da.

Eraginkortasun-sistemak ezarri eta energiaren kontsumoa murriztea da Abanto Zierbenaren ingurumen-helburu nagusietako bat. Hori dela eta, Meatzaldeko udal honek inbertsio handiak egin behar ditu. Hurrengo proiektuak Gallartako eta Las Carrerasko erretiratuen etxeetan egingo dira. Lokaletako lehenengoan (500 m2 ditu, eta etxebizitzen eraikin bateko erdisotoko solairuan dago), berogailuaren instalazioa hobetuko da. Izan ere, “argindar asko kontsumitzen du, urtean 5.300 euro inguru, eta berritu egin behar dugu” adierazi du Maite Etxebarria alkateak.
Erreforma egiteko, gas naturaleko galdara bat, berogailuak eta hoditeria instalatuko dira lokal osoan; bestalde, aire-girogailua erresistentziarik gabe mantenduko da, airea etengabe berritzeko. Horrez gain, erregulazio-erloju bat ere jarriko da. Horri esker, hornidura elektrikoa aldatu eta kontrataturiko potentzia gutxitu ahal izango da; horrela, Udalak aurreztu egingo du. “Ingurumenari dagokionez, erreforma horrekin CO2 isurketak murriztuko dira, eta % 50eko gastua aurreztuko da”.

Las Carrerasko adinekoen lokalean (hiru solairuko eraikina da), berogailu elektrikoen gaur egungo instalazioa aldatu eta kondentsazio-gaseko galdara bat eta aluminiozko berogailuak jarri behar dira. Gutxi gorabehera, 24.000 balio du hori egiteak.

Gallartako eta Sanfuentesko semaforoak

Bestalde, Udalak udalerriko semaforoetako lanparak aldatuko ditu: LED lanparak jarriko ditu 108 goritasun-lanparen ordez. Horri esker, energia asko aurreztu ahal izango da. Azken aldaketak hiru bidegurutzetako semaforoetan egin dira: El Minero etorbidearen eta Cotarrorako igoeraren bilgunean, Gallartan; El Minero etorbideak eta Institutuak bat egiten duten lekuan, Gallartan; eta El Casal eta N-634 errepidea batzen diren tokian, Sanfuentesen.

50 W-ko erdi-mailako potentziako lanparak kendu eta 6, 10 eta 15 W-ko LED lanparak jarriko dira; 43 unitateko aldi bereko funtzionamendua dute, eta, horri esker, gaur egungo kontsumoen % 76 inguru aurreztuko da. 9.296,10 euroko kostua eragingo du aldaketak.

Argiteria publikoa hobetuko da El Cerron, Peñucasen eta Dolores Ibarruri parkean

El Cerro auzoan 160 luminaria aldatuko dira; gehien-gehienak bola-motakoak dira, 150 W-ko sodio-lurrunezko lanpara dutenak. Bada, lanpara eraginkorragoak jarriko dira: LED motakoak eta 63 W-koak. Alkatearen hitzetan, “aldaketa honekin, argi-kutsadura ere murriztuko da. Izan ere, gaur egungo luminariak esferikoak dira, eta ez dute inolako islagailurik; hori dela eta, erradiazioa igortzen dute norabide guztietan. Horrekin, % 55 inguru murriztuko dugu goi-mailako kontsumo elektrikoa”. Lanpara berriak instalatzeko, paldoa 34 bat unitatetan aldatu beharko da. 140.000 euroko aurrekontua dago horretarako.

Aurtengo lehenengo bost hilabeteetan, Udalak energia-eraginkortasuna lortzeko beste zenbait jarduketa egin zituen Peñucasen eta Dolores Ibarruri parkean, Gallartan. Peñucas multzoan, argiteria publikoaren sistema hobetu da, 3,5 metroko zutabe erako 17 kale-argi jarrita, argia hobeto banatzeko (gainera, orain dela gutxi berritu da hango hiri-diseinua ere). Hobekuntza horrek 28.000 euro baino gehiagoko kostua ekarri du.

Dolores Ibarruri parkean, berriz, luminariak aldatu eta bederatzi kale-argi berri jarri dira, 49 W-ko LED lanparakoak. “Abanto Zierbena ingurumenarekin konprometitutako udalerria da, eta hala izango da gerora ere; herritarren erosotasuna hobetu eta diru publikoa aurrezten du, proiektu berrietarako erabiltzeko” esan du Maite Etxeberriak.