Albisteak

 
Aurten ere, Emakundek Berdintasunerako Foroa abiarazi du. Helburua da instituzioak, elkarteak eta erakundeak gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde egiten ari diren lana bateratzea, ezagutzera ematea eta indartzea.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako 2015eko Gunea urriaren 5etik abenduaren 18ra bitartean ospatuko da Euskadi osoan. 124 erakunde ezberdin bilduko dira 144 jarduera antolatzeko, “Gizartea aurrera doa berdintasunerantz. Ez dezagun atzera egin” lelopean. Eta, aurten ere, erakustearen aldeko apustua egingo da. Horretarako, autobusa Euskadiko hainbat herri eta hiritan ibiliko da hiru hilabetez. 

Autobus ibiltaria

Udaletxeko Berdintasun Sailetik ongietorria eman nahi diogu autobus ibiltariari; Gallartako Eusko Gudariak Plazaren atzeko aldeko aparkalekuan egongo da urriaren 28 eta 29an. Urriaren 30en, berriz, Las Carreraseko La Trinidad Plazan egongo da goizez, eta, arratsaldean, Gallartara joango da berriro.

“Inguruko eskoletako taldeak nahiz bertara joan nahi duten herritar guztiak sentsibilizatzeko gela bihurtuko da autobusa. Horrela, ezberdintasuna benetan nolakoa den ikusiko dute” adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Herriko ikasleek, zehazki DBHko 2.mailakoek eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoek, publizitatean dagoen sexismoa aztertzeko aukera izango dute autobusean. Komunikabideen partxis jolasa deritzonaren bitartez, komunikabideetan agertzen diren estereotipoak antzemango dituzte eta, horrez gain, zinean edo telesailetan sarri eman ohi diren mezu sexistez ere jabetuko dira.

“Karta jolas baten bidez, saiatuko dira identifikatzen zeintzuk diren sexuagatik eta horretarako arrazoirik izan gabe besteei jartzen dizkiegun estereotipoak  (positiboak nahiz negatiboak). Konturatu ere egin gabe, estereotipo horiek besteengandik espero duguna baldintzatzen dute, baina batez ere, horiekin dugun tratua.” adierazi du Etxebarriak.

Helduen kasuan, sexismoa benetako arazoa dela azalduko zaie. Kopuruek errealitatea islatzen dute. Amaitzeko, Etxebarriak esan duenez, “Helburua da eguneroko bizitzan inguruan gertatzen diren diskriminazio egoerei buruz hausnartzea”.