Albisteak

 

Sanjaiba jai-batzordeak eta Abanto Zierbenako Udalak gaur aurkeztu dute Sanfuentesko jaien egitaraua. Ostiral honetan hasiko dira jaiak, ohiko txupinazoa bota eta pregoia irakurri ondoren, eta uztailaren 5era arte iraungo dute. Tarte horretan, hirurogei jardueratik gora antolatuko dira. Maite Etxebarria alkateak “jaien izaera parte-hartzailea eta aniztasuna” nabarmendu ditu: “izan ere, adin guztietako jende ororentzat pentsatuta daude”.

“70eko gazteek” botako dute txupinazoa, eta, halaber, haiek irakurriko dute pregoia; bizitzarako grinari eusten diote, eta urterik urte jaietako parte aktiboa izaten dira. Lehendabiziko ekitaldi horiek girotzeko, telebistako showman ezaguna izango dugu, Oihan Vega. Larunbatean, ekainaren 27an, Sanfuentesko Emakumeen Elkarteak eta Setien Line Dance Group taldeak antolaturiko dantzaldia egingo da. Bestalde, interesgarria izango da haurrentzako gozokien tailerra, txikientzako xake-partidak, partxis-txapelketa, katxete-boloen erakustaldia eta, bereziki, Seranteserako Igoera, Sendoa Atletismo Klubak antolatutakoa; aurtengoa hogeita bosgarren igoera izango da. Eguna amaitzeko, “herri-askari goxo-goxoa” eta Meatzaldeko Harrigorria Dantza Taldeak antolaturiko Trazu Ugerrak dantza-ikuskizuna izango dira.

Igande honetarako, besteak beste, jarduera hauek antolatu dira: Gallarta Pelotazaleren ekimenez egindako pilota-erakustaldia, haurrentzako tailerrak eta arku-tiroa, Gezaleriak klubak antolatua. Eguerdian, koru-kontzertua emango dute Sanfuentesko Emakumeen Elkarteak eta Larrabetzuko Gaztelumendi Abesbatzak; gainera, Iker Villate soinu-jotzaileak eta Juan Antonio Alaña adar-jotzaileak ere parte hartuko dute. Gastronomiari dagokionez, berriz, Indaba Eguna egingo da, eta arratsaldean umorezko ikuskizun batzuk izango dira.

Jaietako bigarren asteburua

Astearterako, herri-jokoak, Pilar Abin plazako herri-bazkaria eta erretiratuentzako luncha daude antolatuta. Jaiek, baina, jarraitu egingo dute hurrengo asteburuan ere, uztailaren 3tik 5era. Ostiralean, haurrek dibertitzeko aukera izango dute: haurrentzako parkea eta apar-festa handia antolatuko dira. Egunaren gainerako zatian, berriz, pilota, mus-txapelketa eta txikien areto-futboleko txapelketa egingo dira. Amaieran, beti bezala, kontzertua eta dantzaldia izango dira.

Larunbatean, uztailaren 4an, jarduera mordoa egongo da; besteak beste, igel-tokako eta txintxoneko txapelketa, Rol Jokoak antzerki-obra (Udaleko Berdintasun Arloak antolatu du), meatzari-jokoak eta, bereziki, Santa Luziatik Pilar Abin plazarako jaitsiera. Aurretik, jaitsiko diren taldeak kaleak girotzen arituko dira. Gaua amaitzeko, orkestra-emanaldia eta kontzertua izango dira.

Jaien azken egunean, Sanfuentesek beste hainbat ekitaldi antolatuko ditu: artisautza-azoka, paella-eguna (batzordeak arroza emango du), haurren lasterketa, palako eta areto-futboleko finalak, eta tiragomen erakustaldia, Enkarterri Tiragomas lagunarteak antolatua. Jaien amaierako trakaren aurretik, pilotalekuan Aquí va a pasar algo ikuskizuna egingo da.

Alkateak eskertu egin du Sanjaibak egindako lana eta parte hartu duten elkarteen lankidetza. Horrez gain, gogora ekarri du trafikoa eten egingo dela: “ahal den gutxiena eta behar-beharrezkoa denean baino ez da etengo, Sanfuentesko jaien egitarauari bide emateko”. Hori dela eta, “herritarrek ulertu eta lagundu dezatela” eskatu du.

Beste jai guztietarako bezalaxe, Maite Etxebarriak eskatu du “emakumeei ahalik eta errespetu handiena izateko, eta alkohola eta beste substantzia batzuk tentuz eta neurriz kontsumitzeko, ezbeharrik gerta ez dadin eta dena ondo joan dadin”.