Albisteak

 

Las Carrerasko jaien ondoren, Gallartak hartuko du lekukoa Abanto Zierbenako jai-zikloaren barruan. Aurtengo San Antonio jaietan, 80 jarduera baino gehiagoz osatutako egitarau oparoa izango dugu. Hasteko, ekainaren 5ean (ostirala), txupinazoa bota, pregoia irakurri eta Kontxaren (jaien ikonoa) jaitsiera egingo dute. Gallartako Emakumeen Elkarteak irakurriko du pregoia, eta honako hauek hartuko dute parte Kontxaren jaitsieran: Meatzaldeko Harrigorria Dantza taldeak, Club Deportibo Gallartak eta ACHA Udalerriko Merkatarien eta Ostalarien Elkarteak.

“Beste behin ere, eskerrak eman nahi dizkiegu herriko kultur- eta kirol-elkarte eta gizarte-taldeei, parte hartzeagatik eta eginiko lanagatik; izan ere, egitarauaren zati handi bat haien lanaren fruitua da” nabarmendu du Maite Etxebarria alkateak. Halaber, jaiek irauten duten bitartean, hau da, ekainaren 14ra arte, gozatzeko deialdia egin die herritarrei.

Kirola eta kultura

Kirola da San Antonioetako protagonista nagusietako bat; bereziki, pilota. Hori dela eta, Txelu Izagirreren omenezko esku-pilotako txapelketa egingo da, Gallarta Pelotazalek antolatuta. Euskal Pilota Jaietan ere egingo da, eta hainbat jarduera egingo dira horren harira. Partida profesionalak izango dira ekitaldi nagusia: lehenik eta behin, pala-partida, Gaubeka eta Pérez bikotea Zubiri eta Imanolen aurka, eta, bigarren, binakako esku-pilota partida, Berasaluze II eta Larube, Elezkano II eta Aretxabaletaren aurka. Gallartako Txikito frontoian jokatuko dira partidak.

Futbolari dagokionez, San Antonioko zortzigarren txapelketa egingo da San Miguel zelaian, CD Gallartak antolatuta. Badaude beste kirol-txapelketa eta -erakustaldi batzuk ere jaien egitarauan; besteak beste: arku-tiroa, areto-futbola, aerobica, plater-tiroa –Ehiza eta Arrantza Elkarteak antolatuta–, aerobica, eskalada –Club Alpino Gallarretaren eskutik– eta Open Nazioarteko Xake txapelketa. Eta, jakina, harri-zulatzaileen txapelketa ere ez da faltako.

Hainbat kultur adierazpenez gozatzeko aukera izango dute Gallartako herritarrek; honako hauek izango dira, besteak beste: euskal dantzak; kale-antzerkia (helduentzat zein haurrentzat); aire zabaleko pintura-lehiaketa; bertako taldeen kontzertuak; haurren dantza-jaialdia; abesbatzen, txistuen eta metalen kontzertuak; antzerkia, Gallartako Emakumeen Elkartearen eskutik; abesbatza-kontzertua; Meatzaritzaren Museora bista, eta Bilbao Sax Quarteten kontzertua San Antonio elizan.

Gastronomia eta haurrentzako jarduerak

Aurten 48. paella-lehiaketa egingo da; izan ere, “oso gustuko du jendeak, eta kuadrilla ugarik hartzen dute parte. Era berean, Gallartan hain errotuta dagoen perretxiko-, onddo- eta lore-dastaketa ere izango dugu aurten jaietan. Gainera, adinekoek lunch berezi batez gozatzeko aukera izango dute.

Haurrek ere izango dituzte eurentzako jarduera bereziak; esaterako, apar-festa egingo da San Antonio egun handian, ekainaren 13an (larunbata). Horrez gain, haur-parkeez eta uretako puzgarriez ere gozatuko dute.
 
Denentzako aisialdia

Jaiak ekainaren 14an (igandea) amaituko dira, hileta-kalejirarekin. Dena den, ordura arte jarduera ugari egingo dira denentzat; hala nola Aste Berdea, berbenak eta kontzertuak, mus-txapelketa, tiragoma-jaurtiketa, tropic dance eta San Antonioko jaitsiera jendetsua.

Paraleloki, arrisku-jarrerak prebenitzeko kanpainak antolatu dira, herritar guztientzat, oro har, baina, bereziki, gazteentzat. Horretarako, sentsibilizazio-mezuak banatuko dira hainbat euskarritan txosnetan, tabernetan eta ostalaritza-zerbitzuetan. Banatuko diren txarteletan honako hau eskatzen da: “Berdintasun jaiak. Hemen ez dugu eraso sexistarik onartzen”, eta adierazten da “zero tolerantzia” izan behar dela jarrera sexisten aurrean eta errespetuan eta berdintasunezko harremanetan oinarritutako jaien alde egin behar dela. “JAIETAN JAI, TÚ VERÁS / ZUK ZEUK” leloa duten afixak eta pegatinak ere jarriko dira, eta horren helburua da arriskuaren pertzepzioaren inguruan sentsibilizatzea, nork bere erabakiak hartzea errazagoa izan dadin.

Maite Etxeberriak espero du jaietan “ezbeharrik ez izatea eta jendeak ahalik eta ondoen pasatzea”, betiere pertsonak eta ondasun publiko zein pribatuak errespetatuz. Horretarako, arduraz jokatzeko eskatu du, eta alkoholaren eta beste substantzia batzuen kontsumoa kontrolatzeko.

Udaleko garbiketa-zerbitzuak zerbitzu berezia emango du espazio publikoak garbi eta ondo mantentzeko, jaiegunetan zehar zein horien ondoren.