Albisteak

 

Abanto Zierbena ohiko Euskal Astea ospatzeko prestatzen ari da. Oraingo honetan apirilaren 19tik 26ra bitartean izango da. Programaren aurkezpenean, Maite Etxebarria alkateak nabarmendu du eskaintza handia dagoela: “askotariko ekintzak dira eta publiko guztiari zuzendutakoak. Era berean, berritzaileak dira, eta euskal astearen funtsari eusten diote”.

Euskal Astea kirolarekin hasiko da. Igandean izango da, apirilaren 19an. Herri-martxa egingo da Ariketa Fisikoaren Nazioarte Eguna dela eta. Joan den urtean 600 pertsona baino gehiago bildu ziren ibilbidean. Aurten, Alberto Ezkurdia parketik aterako da, eta helburua da herritarrak bizitzako ohitura osasuntsuak hartzeko beharraren inguruan kontzientziatzea. Horrez gain, familian euskara erabiltzea eta kirola egitea bultzatzen da. “Ez da lehiaketa bat –azpimarratu du Etxebarriak , kirol proposamen dibertigarri bat baizik, familian edo kuadrillan egiteko aproposa eta adin guztietakoei irekita dagoena”.

Kirol ekintzetan euskararen erabilera bultzatzea ere bada Euskal Aste honetako bi ekintza hauen asmoa: euskal kirolen jardunaldia, Sendoa Atletismo Klubak dinamizatuko duena apirilaren 22an (asteartea), Sanfuentesen eta txirrindularitza martxa, apirilaren 26an (igandea) egingo dena, Abanto AEK Euskaltegiak antolatuta.

Programan nabarmendu beharreko beste nobedade bat Mintzodromoa da. Aurreikusita dago apirilaren 22an (osteguna) egitea. Helburua da espazio bat sortzea, elkar ezagutzen duten edo ez duten pertsonak mahai berean esertzeko, gai jakin baten inguruan hitz egin dezaten. Julian Iantzik dinamizatuko du, eta Eusko Gudariak plazan izango da (eguraldi kaskarra badago, Gallartako Txikito frontoian egingo da), AEK Euskaltegiaren, Dolores Ibarruri Institutuaren, Axola Euskara Elkartearen eta Berbalagunen laguntzarekin.

Txikientzat tailer eta ikuskizun entretenigarriak antolatu dira. Oinarrian zientzia dute, eta, horietan, beste behin ere, familia giroan gozatzeko aukera izango dute. Horiez gain, Bertso Topaketa ere egingo da apirilaren 24an (ostirala), Montaño Aretoan. Bertan elkartuko dira, beste urte batez, ikastetxe guztiak. Gazteentzat aurreikusita dago hitzaldi-kontzertua ematea. Revolta Permanent taldea etorriko da institutura apirilaren 21ean. Eta hurrengo egunean bakarrizketa bat izango dugu Oihan Vegaren eskutik: Euskararen espektakulue.

Literaturak eta dantzek lekua izango dute Euskal Aste honetan. Hala, Meatzaldeko Irakurzale Klubak saio bat antolatu du apirilaren 22rako. Gainera, Enarak dantza taldeak ikuskizuna egingo du apirilaren 24an Haritzalde plazan, Las Carrerasen.

Euskal Ezkontza

Larunbata izango da egun handia, hilaren 25a, Euskal Ezkontza egingo baita. Bi urtetik behin egiten da Las Carrerasen. Murrieta eta Los Llanosetik abiatuko da senar-emaztegaien segizioa, Haritzalden elkartu arte. Bertan irakurriko da ezkonsaria. Ondoren, meza egingo da San Pedro Apostoluaren elizako zelaietan, eta, gero, ospakizuna egongo da, aspaldiko usadioei jarraikiz, guzientzako pasta eta mistelarekin.

Herri-bazkaria Las Carrerasko frontoian egingo da, eta ezinbestekoa da euskal arropekin bertaratzea. Horren ondoren, erromeria egingo da, eta, amaitzeko, kontzertua Haritzalden: Kepa Junkera & Sorginak.

Maite Etxebarriak herritarrei dei egin die Euskal Asteko ekintzetan aktiboki parte hartzeko eta, hala, “gure seme-alaba eta ilobei antzinako gure usadioen  Abanto Zierbenakoak bertakoak  kultur ondarea transmititu ahal izateko".