Albisteak

 

Hurbiltzen ari dira senideekin igaro ohi ditugun egunak. Gabonetan izaten dugun denbora librea esperientzia berriz bete dezakegu. Hori dela eta, Abanto Zierbenako Udalak, Ego Turismorekin batera, ibilbide bat diseinatu du udalerriko altxor guztiak ezagutarazteko; horrez gain, koaderno pedagogiko batzuk ere prestatu ditu, ikastetxeak eta familiak erakartzeko.

Bidaiariaren Koaderno benetan pertsonal honek Abanto Zierbenako hainbat txokotan zehar gidatuko gaitu. Ekimen honen bitartez, udalerriak dituen turistentzako elementu interesgarriak nabarmendu nahi dira: paisaia ederra, ondare historikoa, natura, gastronomia... Guztia bisitariek aurkitu zain dauden elezaharrez eta misterioz inguratuta.

“Egunero gure inguruan ikusten ditugun gauzak beste ikuspuntu batetik begiratzeko aukera ematen digu ibilbideak; izan ere, askotan ez diegu behar besteko garrantzia ematen gauza horiei” azaldu digu Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Turista aktiboago eta exijenteagoentzat da ekimen hau; izan ere, esperientziari “ahalik eta etekin handiena” atera nahi diote eta tokiak era pertsonal eta berezian ezagutu nahi dituzte.

”Meatzalderako 5 ibilbide sortu ditugu, eta, horien bitartez, Ortuella, Trapagaran, Zierbena, Muskiz eta Abanto Zierbena bisitatu ahalko ditugu", jakinarazi du alkateak.

Bidaiariaren Koadernoak garrantzitsuena bisitatzeko aukera emateaz gain, txoko ederrak edo istorio bereziak dituzten tokiak ere aurkeztuko dizkigu. Abantoko ibilbideak bidaiaria harrapatzea du helburu, eta meatzeak gogora ekarriz ematen du ongietorria.

Abiapuntua Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa da.Haren ondoan zulo erraldoi bat dago, Concha II. meatzea. Askok ez dakitena da, jatorrian, Gallartako herria zulo horren beraren gainean zegoela.XX. mende erdialdean, herritarrak kanporatu behar izan zituzten, eta etxeak eta dendak bota zituzten. Gallarta desagertu egin zen, mineral gehiago atera ahal izateko; hala, herria berriro eraiki zuten jatorrizko tokitik oso gertu.

Hormen artean historia handia duen beste toki bat Preventorio izenekoa da; antzina, meatzarientzako ospitalea zen, baina gaur egun enpresentzako haztegi bat da.

“Istripu larriak ohikoak ziren meatzean; horregatik sortu zen ospitale hau. Gerra Zibilean, soldadu errepublikarren batailoi batek hartu zuen ostatu bertan. Preso horiek meatzean lan egitera behartu zituzten. Soldadu horiek “zorionekoak” ziren, gainerako herritarrak goseak zeuden bitartean haiek patatak afaltzen zituztelako” irakurri du koadernoan Etxebarriak.

Pausoz pauso, bisitariek meatzaritzak utzitako arrastoak ikus ditzakete.Gure historia hurbilean gal gaitezke “Vía Chica” izenekoan barrena. Zuhaitz ugaridun ibilbidea, naturaz inguraturik. Lehen, bide horretatik igarotzen zen Galdames eta Sestao lotzen zituen meatzaritza-trena. Mineral-garbitokia oraindik ere zutik dago Putxeta auzoan; hori ere ikusi beharreko gunea da.

Abanto Zierbenan zehar eramango gaituen ibilbide interesgarri eta aberasgarri honek beste ezusteko bat ere badu: Barco familiaren dorrea. XVII. mendeko jauregi barroko eder hau San Fuentes auzoan dago, Santa Luzia zelaiaren ondoan.

Bidaiariaren Koadernoari esker, toki bakoitza era berezian ezagutuko dugu, inork inoiz horrela ezagutu izan ez balu bezala. Meatzaldea bisitatzen dutenengan emozioak pizteko diseinatuta dago.

“Ondarearekin “erlazionatzeko” era berri bat da eta, horretarako, bisitariek galderak eta ikerketa-jarduerak egin beharko dituzte; hala, esperientzia parte-hartzaileagoa bizi ahalko dute”, azaldu du Etxebarriak.

Koaderno hauek Miguel de la Quadra-Salcedo jaunak Ego Turismo y Comunicación enpresaren Autore Ibilbideei idatzitako eskaintza dute.

400 ale banatuko dira Meatzaritza Museoan, HAZen, liburutegietan, Kultur Etxean eta ikastetxeetan, udalerria ezagutzera emateko.

Bestalde, familian egiten den turismoak gero eta garrantzi handiagoa duela ikusirik, Udala bide berriak bilatzen ari da bisitariek ABANTO ZIERBENAKO ONDAREA EZAGUTU ETA BIZI DEZATEN, ESKOLAKOEKIN ETA FAMILIAKOEKIN EGITEKO JARDUEREN bitartez.

Testuinguru horretan, ondarea elementu dinamikoa da komunikatzeko eta harremanak sortzeko bide berrien baitan; horregatik, herritarrek ondare hori ezagutzeko eta bizitzeko bide berriak eskatzen dituzte, besteak beste:gaur egungo turismo-joeretara, ikaskuntzara eta kultura-sorkuntzara egokitzen direnak.

Ildo horretatik, ABANTO ZIERBENAK aurkeztu duen programak abiapuntu ezin hobea eskaintzen du bisitari eta herritar guztiek udalerriaz goza dezaten.

Programaren helburuak

Gure asmoa da ikasle gehiagok bisitatzea Abanto Zierbenako ondarera eta haien esperientziaren kalitatea hobetzea.

Bisita-programa berri bat zabalduko dugu inguruko –eta, hala badagokio, Bizkaiko ikastetxeen artean. Programa horrek ikasketa maila bakoitzera pedagogikoki egokitzen diren jarduera espezifikoak izango ditu. Hainbat adinetako haurrentzako jarduerez beteta dago programa; eta irakaslea eta ikaslea, biak, motibatuko ditu, ondare horrekin gozatzeko eta, era berean, ikasteko.

Eskola-proposamen hauek familian lantzeko jarduerei erreferentzia egingo diete; beraz, ikastetxeek “zubi” lana egingo dute gurasoengana iristeko eta, hala, familian ere ondarea bisitatzeko.

Hezkuntza-materialaz ari gara, bai, baina proposamenak ez du ohiko formatu akademikoa. Ez eduki intelektualari ez aurkezpen grafikoari dagokionez. Horren helburua da ikasleek material dibertigarri eta atsegin baten bidez ezagutzea ondarea, eta eskolako ohiko esperientziekin loturarik ezarri gabe. Izan ere, hezkuntzara bideratutako bisita batek atsegina eta estimulagarria izan behar du; Eskolako irteera aspergarri bat baino zerbait gehiago izan behar da.

Hala ere, materialak ohiko itxura ez badu ere, erabat egokitzen da eskolako curriculumera.

Garrantzi handia eman zaio metodologiari, eta helburuak ere adin-talde bakoitzari egokituta daude. Irakasleek ere gaiei, ezagutzei, helburuei, balioei eta jarduerei buruzko informazioa izango dute. Hartara, irakasleek erraz interpretatuko duten tresna erakargarri eta egituratu bat izango dute ikasleen jakin-mina eta ikaskuntza sustatzeko.

Beste helburu bat da familiek ere bisita hauetan parte hartzea; horretarako, belaunaldi ezberdinetako kideek elkarrekin egin ditzaketen jarduerak hartu dira kontuan.

Horren harira, bisita-eredu bat bidaliko zaie ikasleen familiei. Bisita-eredu hori familietako hainbat belaunaldien arteko elkarlanean dago oinarrituta; ondareari buruzko hainbat erronka eta galdera dibertigarriri erantzun beharko diete bisitan datozen familiek. Horrez gain, dagozkien adinetara egokitutako hainbat jarduera ere egongo dira. Jarduera horiek betetzeko, gurasoak eta seme-alabak elkarlanean aritu beharko dute, noski. Amaitzeko-oparitxo bat emango zaie erronka eta galdera guztiei erantzuten dieten familiei; horrela, familiak eta hainbat belaunalditako kideak bisitetan parte hartzera animatuko ditugu.

Oro har, ondare-baliabideak zabaltzea da helburua eta, horretarako bisitarien kopurua handitzea.

Ondarearekin harremana izateko modu berri bat emango diegu bisitariei, ikerketa- eta bilaketa-jardueren bidezkoa; hala, parte-hartzaileagoa izango da bisita. Bidaiariaren Koaderno honi esker, helduek “beste begi batzuekin” ikusi ahal izango dute ondarea, ikuspuntu berriago batetik, eta modu parte-hartzaile eta ikertzaileago batean.