Albisteak

 

Udak eta udalekuek iruditegi kolektiboaren parte den binomioa osatzen dute. Hori dela eta, Abanto Zierbenako Udalak hori sustatzen jarraituko du, hastear den udaldirako. Udalerriko familiek plazen deialdiari erantzun diote: 4 eta 15 urte bitarteko 225 adingabek eman dute izena. “Urteotan antzeko erantzuna jaso da, eta Udalak kalitatea hobetu nahi du, adingabe eta gazteentzako baliabide eta pertsona gehiago jarrita” azaldu du Maite Etxebarria alkateak.

Txikien txandan, lau eta sei urte arteko 71 haurrek parte hartuko dute, ekainaren 30etik uztailaren 10era. Aisialdiko jarduera dibertigarriak antolatu dira talde horretarako: eskulangintzako tailerrak, jolas kooperatiboak eta musika-dinamikak. Gainera, bi txango ere egingo dira: Basondora eta Tximiparkera.

Ertainen Taldean dago haur gehien; 7 eta 9 urte artekoentzat da, eta 92 adingabek eman dute izena. Uztailaren 13tik 24rako txanda hartuko dute. Hainbat jarduera daude antolatuta talde horrentzat: eskulangintzako tailerrak, kirol-txapelketak, jolas kooperatiboak eta zenbait txango: Sopuertara eta Gorlizera, Zugaztietara (multiabentura-eguna egiteko), Pozalaguako haitzuloetara eta Santillana del Mar-era.

Bestalde, Nagusien Taldean hamar eta hamaika urte arteko 46 adingabe daude, uztailaren 20tik 30erako txandarako. Haientzat ere jarduera ugari antolatuko dira: tailerrak, kirol-txapelketak, eta jolasak eta multiabentura-jarduerak egiteko lau txango: Gorlizera, Sopuertara, Zugaztietara eta Lasergunera.

Azkenik, uztailaren 13tik 16ra, 12 eta 16 urte arteko nerabeek Kantabriako multiabentura-kanpalekuan parte hartuko dute. Han, multiabenturako zazpi jarduera egingo dituzte: besteak beste, raftinga, mendi-ibilia, hidrospeach eta paintball. Aterpetxe batean hartuko dute ostatu.

Begirale gehiagoko taldea

Udalekuak ondo igaro daitezen, Udalak gaur egungo dinamizatzaileen taldea indartu du: bederatzi begirale gehiago kontratatu ditu, Udalaren lau dinamizatzaile iraunkorrei laguntzeko. “Udalekuetan adingabeek behar duten arreta eta laguntza guztia jaso dezatela nahi dugu, eta familiak lasaiago egon daitezela beren seme-alabek jasoko duten zaintzarekin eta arretarekin” nabarmendu du alkateak.

Familiek errazago dute jarduerotan parte hartzea, Udalak diruz laguntzen baitu udalekuen % 50-70 artean. Hala, familiek 50 euro ordaindu behar dituzte, jardueretan bi astez parte hartzeko, 09:30etik 16:30era (neba-arreba bat baino gehiago badira, bigarrenak erdia ordaindu behar du, eta horrela gainerakoak). Gainera, autobus bat udalerriko auzoetatik ibiliko da, adingabeak hartu eta berriro etxera eramateko.