Albisteak

 

Abanto Zierbenari berriz eman diote Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria izendapena, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Arloko idazkari nagusiak azaroaren 6an kaleratu zuen ebazpenaren bidez.

Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria izendapenari esker, Abantok bat egin du bereizgarri horixe duten estatuko udalerrien taldearekin, hots, Red Innpulso sarearekin (orain ARINN elkartea da).
Sare horretan daude estatuko 56 hiri, hiru kategoriatan sailkatuta: 20.000 biztanletik beherakoak (kategoria horretan dago Abanto), 20.000 eta 100.000 biztanle artean dituztenak (besteak beste, Avila, Aviles, Palentzia eta Santiago de Compostela) eta 100.000 biztanletik gorakoak (Madril, Bilbo, Malaga, Oviedo, Donostia, Valentzia eta Coruña, adibidez).

“Oso harro gaude. Lan handia egin behar da horretarako, zaila baita sari hau lortzea, eta are zailagoa berriz lortzea. Beraz, pozik egoteko moduan gaude, marka hori dugulako oraindik ere, eta berrikuntzaren alde egiten eta tokiko azpiegitura zientifiko eta teknologiko indartsuak sustatzen dihardugulako” azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Dozena bat udal-arlok eta bertako langileek gogor lan egin dutelako lortu ahal izan da izendapena, korporazioko kideen laguntzarekin eta herritar guztien gogoari esker.

Meatzaldeko udalerriak izendapena berritzeko eskatu zuen. Eskariarekin batera bidalitako agiriek erakusten zuten oraindik ere indarrean daudela kalifikazioa lortzea ahalbidetu zuten berrikuntza-proiektuak, eta herritarrekin harremanetan egoteko bide berriak sortu direla. Bestalde, hurrengo hirurtekorako proposamenak ere jaso ziren.

“Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak berriz emandako izendapenari esker, Abantoko Udalak hasiera-hasierako baldintzak eta eskakizunak betetzen jarraitu du” esan du Etxebarriak.
“Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria” izendapena 2010ean sortu zen, Ministerioaren agindu baten bidez. Bereizgarriaren helburua da aitorpena ematea kapital intelektualari eta giza baliabideen ezagutzari esker toki-azpiegitura zientifiko, teknologiko eta berritzaile indartsuak sortzen eta abantaila lehiakorrak eragiten liderrak diren hiriei.

Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak gure udalerrian abian diren 20 proiektu aztertu ditu. Proiektuok zerikusia dute enpleguarekin eta ekonomiarekin, baina baita gizarteko gaiekin ere. Egitasmo guztiek ezaugarri bera dute: berritzaileak eta lehiakorrak dira, eta etorkizunerako berme handiagoa ematen dute.

2011. urtean lortu zen lehenengo izendapena, etorkizunerako programa eta zerbitzu aurreratuak ezartzearen alde apustu irmoa egin zenean. Kategoria guztiak batuta, 17 udalerri saritu zituzten. Abanto Zierbenak ere, abian jarritako proiektu mordoxka bati esker, aitorpen hori lortu zuen.

Izendapen garrantzitsu hori lortzeko orduan, erabakigarriak izan ziren hainbat egitasmo: besteak beste, enpleguaren arloko proiektu berritzaileak, enpresekin batera egindako lana, ekonomiaren sustapena, izapide burokratikoak online egiten hastea, etorkizuneko Teknologia Parkea, herritarrekin harremanetan egoteko bide berriak (SMS mezuak, sare sozialak…) eta gizartearen eta familiaren arloko programa aurreratuak.

Sari honek leku nabarmena ematen dio Meatzaldeko udalerriari; izan ere, Zientzia eta Berrikuntza Hirien Sareko (INNPULSO Sarea) kide izateak onura jakin batzuk ekartzen dizkio I+G+b politiken esparruan. Izendapena hiru urterako berritu da, 2018ra arte, hain zuzen.