Albisteak

 
Abanto Zierbenako Udalak berriz ere dei egin die herritarrei sentsibilizazio-kanpaina baten bidez, Meatzaldeko herri horretako biztanleen arteko bizikidetza hobetzeko eta, batez ere, txakurren gorozkiak batzeak duen garrantzia nabarmentzeko.
Maite Etxebarria Abanto Zierbenako alkateak adierazi duen bezala, auzokideen kexa asko egon dira, txakurren jabeek ez dituztelako batzen euren animalien gorozkiak espaloi edo berdeguneetatik, eta, alkatearen iritziz, hori ez da animalien inguruko arazo bat, gizalegea baizik.

Horregatik, jabeei dei egiten zaie erantzukizuna har dezaten, eta gogorarazten zaie zakarrontzi bereziak daudela eta poltsak doan eskuratu ahal dituztela Udaltzaingoan, Las Carrerasko jendaurreko arretarako bulegoan eta Gallartako udal-igerilekuetan. Gainera, arriskutsua izan daitekeen txakurra bada, txakurrak zentsuan egon behar du, eta kaletik lotuta eta muturrekoa ipinita joan behar du.

Auzokideen arteko bizikidetza elkartasunean, begirunean, elkarrekiko erantzukizunean eta lankidetzan oinarritzen da. Guztiok dauzkagu eskubideak eta betebeharrak. Garrantzitsua da umeei auzokideen arteko bizikidetza onaren ohiturak helaraztea, eta, horrela, gaur egungo eta etorkizuneko bizikidetza  bermatu ahal izango dugu. Hauek dira bizikidetzaren adibide batzuk: oinezkoak behar den lekutik kalea gurutzatzea, gidariak oinezkoen bideetan gelditzea, gidatzean telefono mugikorra ez erabiltzea eta adi gidatzea.

Etxebarriak gogorazi duen bezala, etxean ere solidarioak izan behar dugu alboan bizi denarekin, esaterako, atsedenerako orduak errespetatuz, birziklatuz, leihoetatik alfonbrak ez astinduz eta lorontziak ondo finkatuta daudela ziurtatuz, istripurik ez gertatzeko.