Albisteak

 

Udaberriko Merkataritza Bonuak izan zuen arrakasta ikusirik, negukoa ailegatu da orain. Abanto Zierbenako Udalak, Abanto Zierbenako Merkatarien eta Ostalarien Elkartearekin eta Laboral Kutxarekin batera, abian jarri du “Erosi Abanto Zierbenako saltokietan” kanpaina.

Kanpainarekin, udalerriko saltoki txikiei lagundu nahi zaie, eta haien hurbiltasuna eta ahalegina saritu. Horretarako, erosketa-bonuak jarriko dira salgai, eta, horien bidez, onura handiagoa lortuko dute herritarrek eta bisitariek, % 33 aurreztuko baitute erosketak egitean. 500 bonu jarriko dira salgai, bakoitza 30 eurokoa.

“Bonu bakoitzak 20 euro balio du, eta erosten duenari 30 €-ko balioa emango dio, kanpainarekin bat egin duten Abanto Zierbenako saltokietan soilik erosteko” azaldu du Maite Etxebarria Abanto Zierbenako alkateak.

Oraingo honetan, ia berrogei establezimendu daude egitasmo honen barruan; horrek, bada, bultzada handia emango die hala dendei nola kontsumitzaileei. Bonuak azaroaren 4tik 30era bitartean erosi ahal izango dira, edo amaitzen diren arte, Laboral Kutxaren bulegoan (El Minero etorb., 1, Gallarta), 09:00etatik 14:00etara.

“Udaberriko 500 bonuak 5 egunean amaitu ziren. Kanpaina hau gero eta errotuago dago, eta herritarren zein saltzaileen onerako da” esan du Etxebarriak.

Hori bai: ezingo da bi bonu baino gehiago erosi aldi berean. Txartel berezi hori behin bakarrik erabili ahalko da, eta erosketaren zenbatekoa bonuarena baino txikiagoa bada, ez da itzuliko aldea eskudirutan. Bonuak ezin dira trukatu eskudiruarekin, eta inola ere ez da itzuliko bonuaren zenbatekoa. Asko jota bi bonu erabili ahal izango dira erosketa-txartel bakoitzeko.