Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak merkataritzaren aldeko apustuari eutsiko dio, eta berriz ere aterako du merkataritzako bonoa udaberri honetarako. Gainera, datorren igandean Merkakale (merkataritzaren azoka) egingo du Las Carrerasen. Merkataritza Bonoak Gabon hauetan izandako harrera handiaren ondorioz, Meatzaldeko udal honek eta Abanto Zierbenako Merkatari eta Ostalarien Elkarteak (ACHA), Laboral Kutxaren laguntzarekin batera, kanpaina berrabiarazi du.
Maite Etxebarria alkatearen arabera, “Abanto Zierbenako saltokietan erosi” leloaren bidez asmoa da bonoen laguntzaz tokiko merkataritzaren alde egitea. Horrela, herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea suspertu nahi da, baita udalerriko herritarrek nahi bisitariek erosketetan % 33 aurreztea ere.

Horretarako, 500 bono emango dira, bakoitza 20 eurokoa.
20 euroan erosiko dira, eta bonoa dutenentzat 30 euroko balioa izango dute, betiere berariaz kanpainarekin bat egin duten Abanto Zierbenako saltokietan gastatzen badute. Baldintza gisa jarri da aldi berean bi bono baino gehiago eskuratu ezin ahal izatea.

Erosketaren zenbatekoa bonoaren balioa baino txikiagoa bada, ez da itzulketarik egingo eskudirutan. Era berean, bonoak ezingo dira diruarekin trukatu, eta inola ere ez da itzuliko bono horren zenbatekoa. Hori dela eta, bonoarekin ordaindutako produktua itzultzen bada, erosketa itzultzeko balioa duen txartela igorri beharko da. Erosketa bakoitzagatik pilatutako bi bono ezarri dira muga gisa.

Udaberriko merkataritzako bonoak apirilaren 7tik 30era bitartean erosi ahal izango dira, edo bestela azkenak agortu arte. Zehazki, Laboral Kutxan (El Minero etorbidea 1, Gallarta) erosi ahal izango dira. Alkateak gogorarazi du Gabonetako kanpainan bi egunen buruan agortu zirela bonoak. Deskontua egiteko tresna horiek erabiltzeko epe berbera egongo da, apirilaren 7tik 30era, eta epe hori igarota, balioa galduko dute ordaintzeko modu gisa. Abanto Zierbenan 37 saltokik egin dute bat promozio honekin (aurreko edizioan baino 5 gehiago). Eskaintza zabala egin dute: arropa, edertasuna, argazkigintza, liburuak, elikagaiak, loreak eta ostalaritza.

Alkateak honako hau nabarmendu du: "Tokiko merkataritza behar dugu, hurbiltasunagatik, kalitateagatik eta profesionaltasunagatik; gure herritarrek ezagutzen dituzten errealitateak dira, eta gogorarazi egin nahi ditugu Udaberriko Bonoaren kanpainaren bidez, sektorearen eta herritarren onerako”.