Albisteak

 

Kanpaina honen helburua da gure eguneroko bizitzan euskararen erabilera sustatzea. Euskara naturaltasunez eta hanka sartzeko beldurrik gabe erabiltzea da, hain zuzen, Berbalagunen oinarria. Proiektu garrantzitsu hau duela 8 urte jarri zen martxan Meatzaldean, eta Abanto Zierbena, Muskiz, Ortuella eta Trapagaran erabat inplikatuta daude.

“Lotsarik gabe” da, oraingoan ere, edizio honetako lema. Jarduera honetan parte hartzen dutenek lotsa albo batera uzten dute, euskaraz hitz egiten dutenean, euskaraz komunikatzen direnean, seguru sentitzeko. Leku publikoetan biltzen dira, parke eta tabernetan, esate baterako” adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Pixkanaka-pixkanaka, Berbalagun fenomenoa gure eskualdean finkatu da; gaur egun, 21 talde ditu eta 100 lagun baino gehiagok hartzen dute parte. Lagunen batez besteko adina 30-45 urtekoa da. Abanto Zierbenan, 2014-2015 ikasturtean, 6 berbatalde bildu ziren astero. Talde horietako bi guraso eta seme-alabek osatzen dituzte eta Gurasolagunen baitan daude. Ekimen honek berebiziko garrantzia du Euskara transmititzeko, belaunaldien artean hizkuntza horretan komunikatzea sustatzen baitu, baita etxean ere.

Bultzada txiki bat, guraso euskaldunak eta euskaraz ikasten ari direnak harremanetan egon daitezen eta familian giro euskalduna egon dadin. Hori lortzeko asmoz, familientzako tailer txikiak, irteerak eta txangoak antolatzen dira.

“Gurasolagunek arrakasta handia du Abanton eta Ortuellan. Hainbat talde bildu ohi dira parkeetan, ludoteketan edo kalean, euren seme-alabekin jolastu edo hitz egiteko. Aurten, gure asmoa da elkarretaratze horiek finkatzea eta gero eta familia gehiagok parte hartzea.

Euskaraz bizi

Gelan ikasitakoa praktikan jartzea da helburua. Euskararen munduan zuzenean barneratzeko aukera eskaintzen du, uneoro eta itzulingururik gabe euskara erabiliz, hots, euskaraz biziz.

Berbalagunen bidez euskaraz hitz egiten ohituta dagoen jendea harremanetan jartzen da ohitura hori ez duen jendearekin. Euskaldun zaharrek, euskaltegietako ikasle ohiek eta euskara ikasten ari direnek har dezakete parte programa honetan.

“Gustatuko litzaiguke parte-hartzaileen kopurua % 15 igotzea eta herri bakoitzean gutxienez talde bat gehiago sortzea. Animatu zaitezte euskaraz bizitzera. Horixe da gure erronka, Meatzaldeko alkate eta gobernu talde guztiona; askoz herritar gehiago nahi genituzke, ekimen honekin gozatu eta ikas dezaten” esan du Abanto Zierbenako alkateak.

Horiez gain, Mintzodromoa da jarduera garrantzitsuenetako bat. Ikasle eta herritarrak gai ezberdinei buruz hitz egiteko elkartzen dira. Udaberri honetan, Meatzaldeko udalerri denetan elkartuko dira.

Bestalde, Berbalagunen helburua da tokiko komunikabideetan eta sare sozialetan sarriago agertzea, eta, horretarako, hainbat jarduera egingo dira.

Berbalagun eta Gurasolagun programetan parte hartzen duten guztiek deskontuak eta beste hainbat onura izango dituzte bidaiatzeko eta aldizkari (Aizu! eta Argia) nahiz egunkarietan (Berria) harpidetzeko.

Izena emateko bideak: Meatzaldeko AEK euskaltegiak, Muskiz eta Trapagaraneko udal euskaltegiak edo udalen euskara zerbitzuak. Bestela, telefonoz (607 678 075), whatsappez edo e-mailez (
meatzaldea@aek.org).