Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak irmo eusten dio euskara babesteko konpromisoari, eta euskara ikasteko diru-laguntzak emango ditu aurten ere. Diru-laguntza eskatzeko epea urriaren 1etik 16ra egon da irekita, eta 48 eskaera jaso dira guztira.

“10.000 euro jarriko ditugu, guztira. Egitasmo hau duela 10 urte jarri zen martxan, eta ahalegin handia egiten dugu partidari eusteko zein hura handitzeko” azaldu du Maite Etxeberriak, Abanto Zierbenako alkateak.
Gero eta abantoar gehiagok eskatzen dute euskara ikasteko diru-laguntza, eta Meatzaldeko Udalak hizkuntza hau gero eta herritar gehiagorengana iristea nahi du. Horrexegatik sustatzen du diru-laguntzen sistema hau. Diru-laguntzak lehia-araubidearen bidez emango dira, eta matrikulatutako ikasturtean gure udalerrian erroldatuta egon direnek jaso ahal izango dituzte.

Edozein ikastaro mota (ohikoak, intentsiboak eta barnetegiak) egin duten ikasleek jaso ditzakete diru-laguntzak, betiere HABEk homologatutako zentroetan egin badituzte, 2013ko urriaren 1etik 2014ko irailaren 30era bitartean.

Ikastaroa egin duten pertsonak lanik gabe bazeuden ikastaroak iraun zuen aldian, % 10eko diru-laguntza gehigarria jaso ahal izango dute. Horretarako, lan-bizitzaren agiria aurkeztu beharko dute, lanik gabe zeudela egiaztatzeko.

“Laguntza osagarri hau duela hiru urtetik ematen da; izan ere, Udalak lagundu egin nahi die matrikula ordaintzeko ahalegin handiagoa egin behar duten horiei, euskara ikasten jarrai dezaten” adierazi du Etxebarriak.

Hamar urtean, Udalak 224 diru-laguntza eman ditu. Horrek argi erakusten du Abanto Zierbenako Udalak apustu sendoa egin duela euskararen alde.

Euskaraz Olgetan ikastaroa jarriko da martxan

Guraso askok ez dituzte euskarazko jolasak eta kantuak ezagutzen, eta euren seme-alabek, berriz, egunero erabiltzen dituzte. Hori dela eta, Udalak ikastaro bat antolatu du euskal kantu tradizionalak ikasteko eta haurrekin euskaraz jolasten ikasteko.

“Parte-hartzean oinarritutako metodologia dinamikoa erabiliko da beti, eta, hala, gurasoek ere gozatu egingo dute jolasten eta kantatzen” esan du alkateak.

Lau orduko ikastaroa izango da, eta azaroaren 9an, 16an, 23an eta 30ean emango da, 15:15etik 16:15era, Kultur Etxeko erakusketa-aretoan.