Albisteak

 

Duela hamabost egunetik Abantoko Udalak Toki Garapenerako Agentzia bulego berria du. Zerbitzu publikorako gune berri hau Bizkaia plazan dago, eraikin nagusitik metro gutxira. “Xedea da udal bulegoak banatzea, kalitate eta eraginkortasun handiagoko zerbitzua emateko asmoz” azaldu du Maite Etxebarria alkateak. Helburu horretan sartzen dira Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren (HAZ) sorrera, udaletxeko beheko solairuetan; Kontsumitzaileentzako Informaziorako Udal Bulegoa (KIUB): Udalaren webgune berria eta Abanto Zabaltzen eta Kalezaindu zerbitzu digitalak.

Lokala egokitzeko eta zaharberritzeko, Udalak 10.000 euro baino zertxobait gehiago inbertitu du, eta bertan ematen dituzte zerbitzuak langileen plantillako hiru pertsonak.

Bulego berrian zentralizatzen dira enplegua, prestakuntza, enpresentzako laguntza eta ekintzaileei bultzada emateko zerbitzuak. Lokalak diseinatzean, kontuan hartu da zerbitzu pertsonalizatua eta arreta konfidentziala ematea, eta, horretarako, gela bereziak jarri dira.

Enpleguaren arloan, herritarrek TGA berrian enplegu bilaketari aurre egiteko moduari buruzko informazioa eta aholkuak jaso ahal izango dituzte, eta banan-banan emango da gizarte eta lan arloko orientazioa. Hemen, besteak beste, enplegua bilatzeko teknikak azalduko dira, lan-poltsa eguneratuari buruzko informazioa emango da, lan-bitartekaritza eskainiko da eta Lanbideren zenbait zerbitzu emango dira.
Prestakuntzari dagokionez, TGAk prestakuntza okupazionaleko ikastaroak, prestakuntza osagarriko programak eta enplegurako programa zehatzen erreferentziak kudeatzen ditu, eta kontrataziorako udal-laguntzak izapidetzen ditu.

Bulego honetan, era berean, Abanto Zierbenan dauden enpresek hainbat tresna dituzte langileak kontratatzeko eta Udalak eginiko sustapen programak izapidetzeko; besteak beste, tokiko merkataritzari dagozkionak, sektoreko merkatari eta profesionalei berariazko prestakuntza emateko, diru-laguntzak kudeatzeko, lehiakortasun arloan laguntza teknikoa eta aholkularitza emateko, enpresen beharrizanen diagnostikoa egiteko eta abar.

Era berean, ekintzailetzari bultzada emateaz arduratzen da TGA. Horretarako, lankidetzan ari da negoziorako ideiaren bat duten pertsonekin, ondoren aztertzeko, martxan jartzeko eta beharrezko finantzaketa lortzeko gauzatu ahal izateko, hori guztia bideragarritasun planen, diru-laguntzen izapideen, udal-laguntzen eta enpresa-haztegian utzitako espazio baten bidez, besteak beste.

Alkatearen ustez, “TGA berriak gure udalerriko enpleguaren eta ekonomiaren benetako motorra izaten jarraituko du, kontratazioei bultzada ematen laguntzen duen zerbitzu bati esker, enpresak sortzeari esker eta ekintzaileentzako laguntzak hobetzeari esker”.