Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak denbora luzea darama udalerriko kirolaren arloko eskaintza zabaltzeko lanean, kiroldegia erabiltzen duten herritarrek helarazi dizkiguten eskaerei erantzun ahal izateko. “Gobernu taldearen ahaleginei esker, gure hauteskunde-programako puntuetako bat beteko dugu. Gure helburua igerilekuak kudeatzeko lizitazio berriaren baldintzak hobetzea da”, adierazi du Maite Etxebarria alkateak.
Urtarriletik aurrera, kirol-eskaintza handitu egingo da. Gainera, azpimarratu nahi dugu, erabiltzaileek eskatu bezala, kiroldegiaren ordutegia zabaldu egingo dela. “Goizeko 08:00etatik aurrera erabili ahal izango da, lehen baino ordubete goizago, eta gaueko hamarrak arte egongo da zabalik”, azaldu du Etxebarriak. Orain arte, instalazioak goizeko 09:00etan irekitzen ziren. Ordutegi aldaketa ez da astegunetara bakarrik mugatuko; izan ere, asteburuetako agendan ere aldaketak egongo dira. Lehen, larunbatetan, kiroldegiak goizeko 10:00etan irekitzen zituen ateak; 2016tik aurrera, aldiz, ordubete lehenago, 09:00etan, irekiko ditu, kirola egin nahi duen ororentzat, arratsaldeko 14:00ak arte.
“Familia eta kirola uztartu ahal izateko, jardueren eta ikastaroen ordutegi berria 14:00etatik 16:00etara izango da, astelehenetik ostiralera; horrela, herritar gehiago etorri ahal izango dira. Bestalde, aerobic saio gehiago jarriko dira, arrazoi berberarengatik”, azaldu du alkateak. Bestalde, ikastaro berri bat egongo da: haurrentzako masajea.
Aipatu beharreko beste berritasun bat uda garaiko ordutegi-aldaketa da. Ekainaren 15etik irailaren 15era, denboraldi berria izango dugu, ordutegi berriarekin; izan ere, orain arte ordutegia berdina zen urte osoan zehar.

Ehunka herritarrek erabiltzen dituzte egunero igerilekuak, hala haien kontura nola ikastaroen bitartez, eta horrek oztopatu egiten du bertan entrenatzen duten kirolarien lana. Ondorioz, ezinbestekoa izan da formula berria negoziatzea, instalazioen kudeaketa-kontratu berria aprobetxatuz.
“Eman genuen lehen urratsa igerilekuko solariumari garrantzia ematea izan zen; izan ere, orain arte ez zen gehiegi erabiltzen. Guk, baina, haren aldeko apustua egin dugu, haurrentzako uretako jokoak antolatu ditugu, baita hainbat jarduera ere, eta aurtengo udan arrakasta handia izan du proposamenak”, azpimarratu du alkateak.  Hori dela eta, datorren udan, igerilekua goizeko bederatzietatik gaueko hamarrak arte egongo da irekita, etenik gabe. Solariuma primerako gunea da, eta udalerriko gero eta familia gehiagok erabiltzen dute.
2016ko ORDUTEGIA:
-Irailaren 16tik ekainaren 14ra:
-Astelehenetik ostiralera: 08:00etatik 22:00etara.
- Larunbatetan: 09:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 21:00etara
- Igandeetan: 09:00etatik 14:00etara
-Ekainaren 15etik irailaren 15era:
- Astelehenetik ostiralera: 09:00etatik 22:00etara
- Larunbat eta igandeetan: 10:00etatik 22:00etara