Albisteak

 

Adinekoak gure gizartearen giltzarria dira, esperientzia eta jakinduria beteko pertsonak. Hala, urriaren 1ean, eskubide propioz dagokien aitorpena egingo zaie. Hori dela eta, Abanto Zierbenako Udalak haiekin batera ospatu nahi du egun seinalatu hori.

"Eguerdiko ordu batean, udaletxeko ateak irekiko dizkiegu Gallartako, Las Carrerasko eta Sanfuentesko erretiratuen, alargunen eta pentsiodunen elkarteei. Jakinarazi nahi diegu guztiz garrantzitsuak direla, gaur eta beti. Krisialdietan, erakutsi dute beraiek laguntzen dutela gehien familian; borrokalariak dira berez, eta oraindik ere asko dute guri erakusteko" adierazi du, hunkituta, Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Gaur egun, udalerrian 9.163 biztanle daude, eta 65 urtetik gorakoak biztanleria osoaren % 17 dira. Gizarte Ekintza Arloko zinegotzi Elena Setiének hitz batzuk eskainiko dizkie bertaratzen diren elkartekideei, eta haiek, halaber, beren kezkak adierazteko aukera izango dute. Ondoren, poema bat irakurriko da. Amaitzeko, Abanto Zierbenako Udal Musika Eskolak emanaldia egingo du.

"Eskerrak eman nahi dizkiegu, egindako ahaleginagatik eta sakrifizioagatik, bene-benetakoak izateagatik; izan ere, egunez egun balio onak transmititzen dizkigute" azaldu du Etxebarriak.

Meatzaldeko udala gogor ari da lanean gure adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko. Horren harira, hainbat ekintza gauzatzen dira kolektibo horren autoestimua indartzeko, eta zahartze aktiboko politikak bultzatzen dira, adinekoen partaidetza sustatzeko eta haien beharrizanei erantzuteko.

Nabarmentzekoa da etxeko laguntzaren zerbitzua: askotan, laguntza hori ezinbestekoa izaten da familia ondo egon dadin. Gainera, zerbitzuaren bidez, sendagaiak hobeto erabiltzeko programan ere parte har dezakete. Erabateko konpromisoa dugu gure herritar zaharrenekin, eta, beharrezkoa denean, gizarte-laguntzak ematen ditugu. Oso nekeza da laguntza behar duen pertsona maite bat zaintzea; horregatik, Udalak mendekotasunaren balorazioa izapidetzeko aholkuak ematen ditu. Bestalde, Zainduz programak babesa ematen die laguntza behar duten adineko senideak zaintzen dituzten familiei. Era berean, urte osoan informazioa ematen zaie, lapurretetatik eta iruzurretatik babesteko.

Era berean, Meatzaldeko udalak haien oroitzapenak gorde nahi ditu, gure historia osatzen baitute; hori dela eta, material grafikoa eta idatzizkoa biltzen da. Hala, abian jarri dira gazteen eta adinekoen arteko topaketak, errezeta tradizionalak egiteko eta partekatzeko. Konekta Zaitez programaren bidez, gaztetxoek teknologia berriak erabiltzen irakasten diete erretiratuei. Horrez gain, su-detektagailuak ari dira jartzen bakarrik edo 80 urtetik gorako norbaitekin bizi diren 80 urtetik gorako pertsonen etxean. Bestalde, Udalak 24 orduko laguntza-protokoloa dauka egoera ahulean dauden 60 urtetik gorako pertsonentzat.

"Lanean dihardugu laguntzarik, arretarik eta zerbitzurik onena emateko, zahartzarora iristean sortzen diren beharrizanei erreparatuz" adierazi du alkateak.

Gallartako, Sanfuentesko eta Las Carrerasko erretiratuen etxeak jai-giroan daude: arratsaldean, bertaratzen direnek dantzaldiaz, antzerkiaz, bingoaz eta mokadu batzuez gozatu ahal izango dute, konpainiarik onenean eta giro paregabean.