Albisteak

 
Abanto Zierbenako Udalak eta Azpiegiturak, SAU sozietate publikoak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, Sanfuentesko El Casal auzoko 66, 68 eta 70 zenbakietako eraikinen beheko solairuetan dauden lokaletan 8 udal-etxebizitza tasatu egiteko. Obrak 2016ko martxoan amaituko dira.

“Ireki dugu izena emateko epea, sustapen honetako etxeetako bat eskuratu nahi duten guztientzat” esan du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Horretarako, Udalak eskatzaileen zerrenda eta ondorengo zozketa egiteko prozesua arautzen duten baldintzen plegua onetsi du. Zortzi etxebizitza horietatik lauk bi logela dituzte, eta beste laurek hiru; guztiek dute garaje-partzela bat, eta 70 eta 80 metro erabilgarri artean neurtzen dute. Etxeok Sanfuentesen 2009an eraikitako hiru eraikinen merkataritza-etxabeak hartuko dituzte.

117.000 eta 145.000 euro bitarteko prezioa dute. Berez lokalak izan arren, etxeotara beti ezkaratzetik sartu beharko da, eta sekula ez kaletik. Lokalek 728 m2 dituzte, eta bederatzi garaje-plaza dauzkate hutsik. Etxebizitza bihurtzeko prozesua errazteko, Meatzaldeko udalak behe- eta goi-solairuko etxebizitzak ezartzeko eta birmoldatzeko ordenantza arautzaile bat onetsi zuen 2012an.

“Udalerriko jendeak etxebizitzak erosi nahi ditu, baina ezin ditu lortu. Hortaz, hau irtenbide ona da Abanto Zierbenan bizi nahi duten bikote, familia eta gazteentzat” adierazi du alkateak.

Interesdunek bete beharreko baldintzetako bat da udalerrian gutxienez duela bi urtetik egotea erroldatuta. Halaber, ez dute etxebizitzarik eduki behar jabetzan, eta gutxienez 9.000,00 euroko eta gehienez ere 39.000,00 euroko diru-sarrerak izan behar dituzte urtean.