Albisteak

 

Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoak Ismael Fidalgo eta Marcelino Bañales Meatzaldeko bi margolari handik eginiko lanen zati bat jasotzen duen erakusketa antologikoa antolatu du.
“Meategia biziberritu egingo da asteburu honetan. Den-dena prest dago Burdin Jaia Festerako. Meategiaren sustraiak jasotzen dituen pintura-erakusketa zoragarri hau museoaren osagai bat gehiago da, galdu ezinekoa”, esan du, harro, Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.
Urte asko dira bi artista handi horien lanak batera erakusten ez direla. Bada, 30 koadroko bilduma horren bidez, bisitariek meatzearen kolore gorrixka aurkitu ahal izango dute naturako hainbat paisaiatan. Gainera, sekula argitaratu gabeko materiala ere erakutsiko da; besteak beste, marrazkiak eta zirriborroak.

Ismael Fidalgo, Sopuertan jaioa, pintore espresionista izan zen, gerraosteko artisten belaunaldikoa, eta hainbat artista izan zituen lagun eta adiskide; besteak beste, Agustín Ibarrola, Norberto Ariño de Garay eta Ricardo Toja pintore eta eskultoreak eta Blas de Otero poeta. Ez zuen irakaslerik eduki, baina Jorge Oteizak eragin handia izan zuen harengan –bere belaunaldiko gainerako artistengan bezala–, eta harreman estua izan zuten.

XX. mende erdialdeko euskal artista garrantzitsuenetakotzat jotzen dute, baina, hala ere, jende gehienak ez du ezagutzen. Fidalgo, bada, meatzarien pintore espresionista da. 1957an Trapagaranen finkatu zen, eta, han, industria eta meategiak margotzen jarraitu zuen, bere margolanak Baztango, Zamorako, Errioxako edo Madrilgo paisaia eta pertsonaia margotuekin elkartuz. 70eko urteetan Zierbenako margolari Marcelino Bañales ezagutu zuen; harekin lan egin zuen urte askoan, eta lagun handi egin ziren. “Era naturalean” margotu zuten azken artistetako bi izan ziren. “La Balco” (Babcock Wilcox) Margolari Taldea sortu zuten, eta enpresa horretan jardun zuten elkarrekin.

Oraingo honetan, ikusi ahal izango dugu nola erretratatu zituzten Meatzaldea eta haren sustraiak, hots, bere-berea sentitzen zuten ingurunea, beti pintzelkada gorrixkak emanez.

Indar beteko bi pintore horien lan ederrek suspertu egingo dute gure meatzaritzaren iragan garrantzitsua. Erakusketa 2015eko urriaren 1etik 2016ko urtarrilaren 7ra bitartean egongo da museoan.

“Herritar guztiak animatzen ditugu Burdin Jaia Festeko egunetan museora etorri eta barnean dituen altxor guztiak deskubritzera, asko baitaude. Lan horiek gure historia kontatzen dute, eta Fidalgoren eta Bañalesen koadro horietan gure iragana ikusi ahalko dugu orain” adierazi du, amaitzeko, Etxebarriak.

Erakusketa urriaren 1ean inauguratuko da, arratsaldeko sei eta erdietan. Gonbidatuta zaudete.