Albisteak

 
Neska-mutilek benetan elkar errespetatzea da Beldur Barik Jarreraren xedea. Lehiaketa Eudelek sustatu eta Emakundek antolatu du, eta Abanto Zierbenako Udalak bosgarren edizio honetan bat egin nahi du, udalerrian jarrera ez sexistak bultzatzeko konpromisoa hartuz.

Lehiaketa honetan, emakumeek jasaten duten bereizkeria-egoerari aurre egiten dioten neska-mutilen arte-adierazpen mota oro onartu, baloratu eta bultzatuko da. Lan horiek errespetuan, berdintasunean, askatasunean eta autonomian, erantzukizun-kidetzan eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoan oinarritutako jokabide eta jarrerak izan behar dituzte.

Parte hartzen duten proiektuek Beldur Barik jarrera islatu behar dute. Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak gainditzeko, eta harreman askeak, errespetuzkoak, parekideak, anitzak eta ez-sexistak eraikitzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa erakutsi behar dute.

Kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da, nesken ahalduntzetik gogoetak eta eztabaidak sortzeko gaitasuna, eta mutilen konpromisoa matxismoaren aurka.

“Mezu zuzenak nahi ditugu, errealak, gaur egungo bereizkeria-egoerari eta sexu bien arteko errespetu faltari buruz itzulingururik gabe hitz egiten dutenak. Gure gazteek emakumeenganako jarrera desegokien inguruan hausnartu eta ahal duten moduan horiek desagertzen laguntzeko ahalegina egin behar dute” adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Adierazpen artistiko mota oro onartuko da, baldin eta ikus-entzunezko formatuan aurkezten bada: flashmob, kamera aurrean errezitatutako poemak edo irakurritako gogoeta-testuak, argazkiak, argazki-muntaiak, fotonobelak, lipdubak, dantza, film laburrak, animazio proiektuak, proiektuak edo artelanak bideoan aurkeztea, performanceak eta kaleko esku hartzeak, etab.

Euskal Autonomia Erkidegoko 12 eta 26 urte arteko neska-mutilek parte hartu ahal dute, bi kategoriatan: lehenengoa 12-17 urte bitartekoentzat eta bigarrena 18-26 urte bitartekoentzat.  Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzeaz gain, bete beharreko gainontzeko baldintzak
www.beldurbarik.org web-orrian daude. Abanto Zierbenako lehiaketan parte hartu nahi dutenentzat nahitaezkoa da bertan bizitzea edo ikasketak bertan egitea. Herri mailako lehiaketara aurkeztutako lanak erkidego mailako lehiaketan sartuko dira zuzenean.

Lanak aurkezteko epea 2015eko irailaren 11n ireki zen eta 2015eko azaroaren 11n itxiko da. Lehenengo saria 500 eurokoa izango da bi kategorietan eta, horrez gain, 300 euroko beste 4 sari egongo dira lan onenen artean banatzeko.

Etxebarriak esan duenez, “Abanto Zierbenako Udalak bere sariak emango ditu: 500 euroko bi opari-txartel, elkarteak udalerrian dituen saltokietan gastatzeko”.

Herriko sarien erabakia 2015eko azaroaren 25 inguruan jakinaraziko da, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta. Irabazleei banaka-banaka emango zaie erabaki horren berri, baina
www.abanto-zierbena.org web-orrian ere argitaratuko da.